Udalbiltzaren helburuak, ezaugarriak eta printzipioak gogorarazi ondoren, hainbat galdera egin dizkio "Euskal Herriko iritzi publikoari" Loren Arkotxak gaur, prentsaurrean: "Euskalduna sentitzea eta sentimendu hori adierazteko prozedura bultzatzea" delitua ote den galdetu du EHNAri erreferentzia eginaz. Euskal Herriak "Europar Batasunean eta Nazio Batuetan bere tokia aldarrikatzea" ere delitua ote den galdera bota du gero. Hizkuntza ofizialtasuna aldarrikatzea eta "zonalde ekonomikoki deprimituei" laguntzea ere delitu al diren esan du.
Gisa horretako galdera sorta baten ondoren, deialdia egin dute Udalbiltzaren funtzionamendua "desitxuratzeko eta zikintzeko" ahaleginaren aurrean.
Urriaren bostean elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herriko udaletxeen aurrean.
Udalbiltza
Arkotxa: "Euskal herritarrok baldintza antidemokratikoak pairatzera zigortu gaituzte"
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek ezker abertzaleak kudeatutako Udalbiltzako 21 kide auzitara eramatea erabaki zuen. Erabaki hori "errealitatekin kanpo dagoen bere teoria sostengatu nahian" hartu du Garzonek, Udalbiltzakoen iritzian. Egungo marko juridiko politikoan "Euskal Herria eta euskal herritarrok baldintza antidemokratikoak pairatzera zigortu gaituzte" Udalbiltzakoek esan dutenez, eta "Euskal Herri osoan eskubide guztiak errespetatzen diren marko juridiko eta politikoa" gero eta premiazkoagoa dela azpimarratu dute. Urriaren bostean elkarretaratzeak deitu dituzte udaletxeen aurrean 'Udalbiltzari bai, bai Euskal Herriari' goiburupean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu