Armentia ikastolan, Mendizorrotzan eta Prado parkean egingo dute Araba Euskaraz

Gasteizko Olarizuko parkean egin ahal izateko ahaleginak egin dituzte, baina han jaia ondo egiteko «bermerik» ez zutelako erabaki dute tokiz aldatzea. Hala ere, egitaraurako pentsatutako «ekitaldi eta ikuskizun guztiak» egingo dituzte.

Arabako ikastoletako arduradunak, gaur, jaia aurkezten. RAUL BOGAJO / FOKU
Arabako ikastoletako arduradunak, gaur, jaia aurkezten. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2025eko ekainaren 9a
14:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Igande honetan egingo dute Arabako ikastolen festa: Araba Euskaraz. Gasteizen egingo dute, eta hiru gune izango ditu: Armentia ikastolan, Mendizorrotzan eta Prado parkearen inguruan egingo dutela jakinarazi dute gaur. Olarizuko parkean egin ahal izateko ahaleginak egin dituzte, hori zen hasieran asmoa, baina han jaia ondo egiteko «bermerik» ez zutelako erabaki dute tokiz aldatzea. Olarizuko zelaidietan-eta belarra mozteko dago, oso luze; Gasteizko Udalarentzat jarduten duten lorezaintza zerbitzuak-eta greban dira, eta hori izan da tokia aldatzeko motiboetako bat.

Gaur aurkeztu dute jaia. Lehengo astean iragarri zuten akaso Olarizun ezingo zela egin, eta tokiaren inguruko dudak argitzea izan da helburuetako bat, baina jaiaren xedea bera ere gogora ekarri dute: «Bastida ikastolari laguntzeko antolatu dugu Arabako ikastolen aurtengo jaia, eta urte osora eraman dugu Araba Euskaraz, gure lurraldeko hamaika herritara». Hain justu ere, urte osoan antolatutako ekitaldi ugariak gogora ekarri dituzte, eta, oro har, ekarpena «oparoa» izan dela nabarmendu dute.

Eta  jaiaren antolaketan egindako bidea bera goraipatu dute. «Arabako zortzi ikastolon artean antolatu dugu ekitaldi hau, aurreko hiru edizioak bezala. Eskuz esku, eta buruz buru, auzolanean. Urte osoa eman dugu elkarrekin lanean, eta gaurko aurkezpenean ere ikastola guztiok azaldu gara. Lau urteko esperientzia honek erakutsi digu batasunak ematen digun indarra». Aurten propio Bastidara begira jarduteak duen garrantzia ere gogoratu nahi izan dute. «Bastida ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Bastidan eta Arabako Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko eta erabilpen eremuak zabaltzeko baliatuko dugu gure jaia».

Jaia tokiz aldatu behar izan badute ere, egitaraurako pentsatutako «ekitaldi eta ikuskizun guztiak» egingo dituztela jakinarazi dute. Oro har, familia giroko ekitaldiak lehenetsi dituzte: «Familia giroa da azpimarratu nahi duguna, familian ospatzeko egitaraua baita gurea. Baina lagunartean ere gozatzeko moduko menua prestatu dugu». 10:00etan hasiko da jaia, eta ekitaldiak askotarikoak izango dira: kontzertuak, dantzak eta kirolak ardaztuko dute. Arabako ikastoletako ikasleen Erronkak ere egingo dituzte.

Gomendioak

Hainbat gomendio eta jakingarri ere zabaldu nahi izan dituzte iganderako. Lehena: «Gasteizera etortzeko garraio publikoa erabiltzea. Autobusentzako geltokia Portal de Lasarte kalean egongo da, eta autobusek Maite Zuñiga kalean aparkatzeko aukera izango dute». Bigarrena: «Ezinbestean autoetan datozentzat aparkatzeko Erromesen Ibilbidea kalea prestatu dugu». Hirugarrena: «Gasteiztik bertatik datozenei, oinez edo bizikletaz etortzeko aholkatu nahi diegu. Mendizorrotzan, bizikletentzako aparkalekuak prest egongo dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.