Energia berriztagarrien erabilera bultzatu behar dela defendatu arren, ezin duela «edozein preziotan» izan uste du Eguzki talde ekologistak. Energia berriztagarriak sortzeko «makroproiektuak» salatu dituzte. «Helburu ekonomikoak baino ez dituzten proiektuak dira».
Eusko Jaurlaritzak Armintzan (Bizkaia) abian jarri nahi duen Biscay Marine Energy Platform (Bimep) proiektua jarri dute horren adibide. Olatuetatik energia lortzeko ikerketa eta esperimentazio zentroa izango da. Datorren urtearen amaieran hasiko dira, eta 20 milioi euroko inbertsioa beharko du.
Haien arabera, ezinbestekoa da proiektu horren inguruko ingurumen azterketa egitea. «Hainbat landa eremu suntsituko dituzte, baita itsaslabarrak ere». Faunan eta floran ere eragina izango duela ere nabarmendu dute.
Eguzkik gogorarazi du, gainera, %20 bakarrik izango dela Armintza hornitzeko. «Gainontzekoa argindar sare nagusira joango da».
Eguzkiren arabera, ezinbestekoa da ingurumenean eta ekonomian eragin gutxiago izango duten proiektuen alde egitea.
Hori guztia kontuan hartuta, herritarrei ez engainatzeko eskatu du Eguzkik. «Herritarrek eskatu behar dutena, berriz, energiaren kontsumoaren inguruko eztabaida bat da. Izan ere, gaur egun gehiegizkoa da».
Armintzako Bimep energia proiektua salatu du Eguzkik
Energia berriztagarrien aldeko apustua, ezin dela «edozein preziotan» izan uste du talde ekologistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu