Euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez irakurri dute Arnagako Adierazpena. Irati Agorriaga Cuevas 21 urteko gernikarrak irakurri du euskarazko testua. Hona adierazpena osorik:
Orain ia zazpi urte etorri ginen Donostiara, Europako azken gatazka armatua gainditzeko aukera erreal bat zegoela egiazki sinetsita. Une historiko horretan, dei bat luzatu genion alde orori, bide baketsu eta demokratiko bat egiteko, eta desberdintasunak elkarrizketa eta negoziaketa bidez konpontzeko metodoari atxikitzeko, lurralde bake justu eta iraunkorra erdietsi zedin.
ETAk gure deiari bere ekinbide armatuaren amaiera behin betikoa jakinaraziz erantzun zion. Ordutik ETA bere hitzari lotu zaio eta ez da biolentzia gehiagorik egon. Iaz harago joan eta armagabetze osoa burutu zuen. Guk pausu historiko hauek errekonozitzen ditugu, baita ongi etorri sendoa eman ere.
Gaur Arnagako Etxera gatoz. Kanbon azken adierazpen historiko bati ongietorria ematera. Atzo ETAk erakunde politiko armatu izateari utzi diola adierazi zuen. Hau Europa osorako une esanguratsua da kontinenteko azken indar armatuaren amaiera esan nahi baitu.
Aieteko adierazpenetik hona azken zazpi urte hauetan guk egindako bake deiari erantzunez aurrera pausu nabarmenak egon dira Euskal Herrian. Badira Aieten egin genituen dei batzuk ez dutenak erantzunik izan. Guk ETA eta espainiar gobernuaren arteko elkarrizketa aholkatu genuen eta hau ez da eman. Baina halere eman dira bakearen aldeko eginahal asko eta asko. Euskal gizarteak, bere gizarte antolakundeek, alderdiek eta erakundeek, ipar zein hego, guztiek izan dute lan bakeak aurrera egin dezan. Guk urte luzeetan Euskal Herria, Espainia zein Frantziako herritarrek zein gobernuek eginiko lana eskertu nahi dugu, baita pertsona zein erakunde ezagun zein ezezagun ugarik eginikoa ere. Guztiek gaur lortutakoa erdiesteko gogor egin dute lan.
Gai garrantzitsu batzuk oraindik konpondu gabe diraute, hala nola preso direnen edo ihesean diren pertsonen auzia; lurraldeko eguneroko bizitza zein politika osoki normalizatzeko etenik gabeko esfortzuak beharko dira.
Nagusiki egiteke gelditzen dena berradiskidetze prozesua da. Parte hartu dugun gatazketan izan dugun esperientzia dela eta, honek denbora luzea hartzen du. Zauriak sakonak dira. Familiak eta komunitateak banatuta daude. Biktima guztiak bereizkeriarik gabe aitortu eta laguntzeko lan egin behar da. Honek alde guztiek iraganarekin zintzotasunez jokatzea eskatzen du, baita zauriak sendatzeko eta komunitate partekatua berreraikitzeko eskuzabaltasunez jardutera ere. ETAk eragindako mina aitortuz eta etorkizunari begira egin beharreko berradiskidetze lana babestuz berriki egindako adierazpenari ongi etorria ematen diogu. Alde guztiek daukate oraindik lan handia egiteko. Berradiskidetzerako bidean barrena esfortzuek modu arrakastatsuan jarraituko dutela espero dugu eta gure ekarpen berri bat behar dutenen esanetara geratzen gara.
Aieten 2011an esan bezala, gure iritzian, bakea eraikitzeak elkarrizketa politikoa eskatzen du aktore nagusien artean. Segurtasun zein kartzela neurriekin soilik erantzutea oso gutxitan da arrakastatsua. Bakea ez da zero gehiketa joko bat, baizik eta onarpen kontu bat, non bi aldeek beraien helburuak modu baketsuan bide politiko eta demokratikoen bidez erdiestea adostu duten.
Gaurkoa egun ona da Euskal Herriarentzat, Espainiarentzat, Frantziarentzat eta Europa osoarentzat, ospatzeko eguna. Ziur gaude Euskal Herrian, berandu baino goizago eta guztion ahaleginarekin, konponbide oso justu eta iraunkorra lortuko dela. Munduko beste eremu batzuetan irudiz konpondu ezinezko gatazkei aurre egiten dietenei ere itxaropena emango diela espero dugu.
BERRIAn kontsulta daitezke jatorrizko agiria eta agiria sinatu dutenen zerrenda.