Pedro Sanchezek lan jarduera eteteko erabakia hartu du "egoerak behartu duelako, leku batzuetan osasungintzaren kolapsoa dagoeneko gertatu delako", esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Otegiren arabera, "inprobisatzen ari dira, berandu eta gaizki, estrategia argirik gabe".
Horrez gain, euskal herritar askori eragiten dieten erabakiak Madrilen hartzea gaitzetsi du. "Euskal herritarrok ez gara adingabekoak".
Alderdiek, sindikatuek, enpresaburuek eta gizarte eragileek mahai bat osatzea proposatu du, krisiari aurre egiteko estrategia erabakitzeko. Agindu duenez, EH Bilduk eskatuko du krisia ez dezatela langileek eta pentsiodunek "berriz" ordaindu.
"Mintzaleku hori izan bagenu, gauzak lehenago eta beste modu batera egingo genituzkeen". esan du. "Egunen batean hitz egingo dugu Europako autogobernurik handienaren inguruan, horren benetako izaera ikusten ari baikara".
Birusa ez zabaltzeko ahaleginek lehentasun izan behar dutela adierazi du, horrek emango duelako gero aukera ekonomiaren krisiari aurre egiteko. "Mailuaren estrategia behar dugu, birusaren zabalkundea kolpatzeko". Horretarako erabateko konfinamendua ezinbestekoa dela berretsi du. Horrez gain, krisiak gizartean eragingo dituen kalteak arintzeko "saihesbide" bat behar dela adierazi du. "Diru publikoa pertsonen, familien, langileen eta enpresen kostu finkoen zerbitzura jarri behar da".
Infekzio tasa jaistea da lehen helburua, Otegiren arabera. Erantsi du gero proba asko egin beharko direla konfinamendu neurriak apurka kenduz joateko.