jon olano

Aro berri bat

2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

Igandeko bozek beste ziklo politiko bat abiarazi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAJk garaipen pirrikoa lortu du: eutsi dio gobernuari, irabazi ditu botoak, baina bidean utzi ditu lau eserleku, eta, batez ere, 1986tik lehen aldiz, lehiakide politikoa ez du gainditu eserlekuetan. EAJ ohituta zegoen, Imanol Pradales lehendakarigaiak erabiliko lukeen hizkera baliatuta, arerio politikoei traineru batzuen aldea ateratzera; hamar eserlekurena 2020an, beste hainbesterena 2016an… Eta nagusitasun horrek, paradoxikoki, nagusitasun hori bera elikatu du: ez zegoen alternatibarik. Horretan datza EH Bilduren igande gaueko arrakasta nagusietako bat: gobernu alternatiba bilakatu da.

Galdera da nola den posible urteetan olatua hartuta ibili den alderdi batek halako txakalaldia izatea hauteskunde ziklo bakarrean. Aukera bat izan liteke EAJren krisiak aurrerabidearen mitoarekin zerikusia izatea. Layla Martinez politologoak dioenez, postmodernitatean, modernitatean ez bezala, etorkizuna ez dago aurrerabideari eta ongizate handiagoari lotuta. EAJk ez du alferrik aukeratu Aukeratu Euskadi. Elige bienestar (aukeratu ongizatea) leloa. Etorkizunaren eta ongizatearen arteko harreman horri pitzadurak agertu zaizkio mundu zabalean, eta hori zuzenean islatu da hauteskunde kanpaina honetan: etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, Osakidetzaren atzeraldia. Eta EH Bilduk kontakizun bat jarri dio aurrerabidearen mitoaren euskal bertsio horri: «eredu baten agortzea», «anbizio falta». Eta kontakizun horrek gizartea zipriztindu du: 90.000 boto gehiago eta emaitza historikoak ezker independentistarentzat.

Datuak hor daude; gero eta gehiago, ezker eta eskuin nazionalek osatutako ganbera da Eusko Legebiltzarra. Baina oraingoz bien artekoa ez da gehiengo operatibo bat. Besterik da hauteskundeak pasatuta, Espainian legealdia martxan jarrita eta maiatzean Katalunian indar oreka berriak argituta, EAJ eta EH Bildu gai izango diren gutxieneko adostasun batzuk Madrilera eramateko. Aro berri baten adierazlerik argiena litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.