Aro berri baterako aliantza politiko berriak eratzea proposatu du Otxandianok ‘Begirada’ saiakeran

Uste du herritar gehienak abertzaleak eta aurrerakoiak direla, eta eredu horretarako haren ustez beharrezkoak diren politikak proposatu ditu, begirada luzez.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Pello Otxandiano 'Begirada' liburuaren aurkezpenean, Tabakaleran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko otsailaren 20a
16:00
Entzun

Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaiak saiakera liburu bat publikatu du: Begirada. Herriari. Etorkizunera. Egoeraren diagnosia egin eta etorkizuneko erronkei heltzeko proposamenak bildu ditu. Datozen erronka globalei erantzuteko elkarrekin jardun beharraz dihardu, «herri akordio bat» proposatu du, eta horretarako aliantza berriak beharko direlakoan dago. Bide orri moduko bat da, azken urteetan alderdikideekin eta euskal gizarteko hainbat esparrutako pertsonekin ondutakoa. Pello.eus atarian dago osorik irakurgai.

Kanpo begiradarekin hasten da. Haren ustez, gertaera jakin batzuek aro baten amaiera adierazten dute, eta hauek izendatzen ditu: gerra inperialistek, klima larrialdia, baliabide energetiko merkeak bukatzea, eskuin muturraren gorakada eta «espekulazioek zuzendutako sistema ekonomikoak». Eta gai horiek Euskal Herrian duten eragina aztertuta, neurrira pentsatutako erantzunak proposatzen ditu.

Haren ustez, Eusko Jaurlaritzaren azken legealdien emaitzek agerian uzten dutenez, ez da asmatu etorkizuna prestatzen: «Inertzia kudeatu dute». Horren erakusgarri gisa aipatu ditu, besteak beste, errealitate soziodemografiko berriari erantzuteko gaitasun falta –jaiotze tasen beherakada, piramide demografiko iraulia, horrek zaintza sisteman duen eragina–; euskal komunikazio esparru baten gabezia; industria sarearen erabakitzeko gaitasuna ahulduz joan izana, inbertsio funtsak sartu direlako eta familia enpresetan erreleborik ez dagoelako; eta autogobernu ahula.

Oztopo izan da, Otxandianoren arabera, «klientelismoa»: «EAJren erakundetze ereduak eta haren aparatu burokratikoak bezeria sare zabala du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan». De Miguel auzia aipatu du izozmendiaren punta gisa. «Udalek, foru aldundiek eta Jaurlaritzak, edota administrazioen bestelako fundazioek eta agentziek, erakundeak eta enpresak elkar berrelikatzeko sistema bat dutela erabat agerikoa da». Eta, haren arabera, «elkar elikatze publiko-pribatu horren bidez, herritarren beharrak eta nahiak lehenetsi ordez, enpresa jakin batzuen interesak sustatzeko egin da sarritan politika hiru herrialdeetan». Uste du «azken berrogei urteetako kultura burokratiko endogamiko horrek dekadentzia zantzu nabarmenak adierazi dituela». Landu beharreko lehentasunezko auzia da harentzat.

Bide horretan, uste du sektore publikoaren rolak aldatu egin behar duela. Uste du funtzio publikoak «proaktiboa» izan behar duela, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremana aldatu behar dela, arriskuak eta onurak partekatuz. «Bezeriaren sarea desmuntatu behar da, administrazio publiko eraginkorra, estrategikoa eta egokia izateko».

Proposatzen du funtzionamendu burokratikoa sinplifikatzea, langile publikoen etengabeko trebakuntzaren alde egitea, eta kontuak emateko mekanismo demokratikoak txertatzea administrazioan.

Bide orri bat proposatzen du horretarako, sei erronka zehaztuta:

1. Subiranotasun estrategikoa indartzea: funtsezko prozesu sozioekonomikoetan ahalik eta autosufizientzia handiena izateko anbizioa proposatu du, fenomeno globalen aurrean erresilientzia lortzeko. Besteak beste, elikadura autosufizientzia lortzea, uraren zikloa kudeatzea eta ekonomiak behar dituen energia berriztagarriak sortzea «subiranotasun estrategikoa irabazteko».

2. Ongizate egiturak eraldatzea. Osasun sistema publiko bat bermatzea eta gizarte zerbitzuak zaintza sistema publiko-komunitariorantz eraldatzea proposatu du. Bestalde, etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko egiturazko neurriak hartzea proposatu du.

3. Larrialdi ekologikoari aurre egitea. Trantsizio energetikoa jo du larrialdi ekologikoari aurre egiteko giltzarritzat; «eraldaketa ekosozialaren palanka» izango da. Prozesu sozial bat proposatu du, gizarte antolaketa berri baterantz egiteko.

4. Ezagutza sistema berritzea. Euskal hezkuntzan eta unibertsitate sisteman eredu aldaketa bat proposatu du, deszentralizatua, teknologia berriei atxikia eta neurrira egina.

5. Nortasun nazionala erreproduzitzea. Komunitate ireki eta solidario bat lortzea, identitatea eta pertenentzia sentimendua indartuta.

6. Segurtasun eredu propioa sortzea. Eredu berri bat sortzea proposatu du, segurtasun pertsonala, komunitarioa, sanitarioa eta zaintzakoa, klima larrialdia eta zibersegurtasuna aintzat hartuko dituena.

Herri erronka horiei aurre egiteko aberastasuna eta lana beste modu batera banatu behar delakoan dago, eta, horretarako, premiazkotzat jo du Lan Harremanen Euskal Esparrua eratzea.

Digitalizazioa ere hartu du hizpide, «teknologia ez delako neutrala». Burujabetza teknologikoaren bidea urratzea proposatzen du, lau arlotan: azpiegitura digitalak garatuz, administrazio elektronikoa hobetuz, herritarren ahalduntze digitala sustatuz eta zibersegurtasunerako estrategia integrala garatuz.

Uste du hori guztia ezin duela alderdi batek egin, eta sinetsita dago Euskal Herrian behar besteko borondate indibidual eta kolektiboa dagoela bide hori egiteko. «Egituratu, antolatu eta martxan jarri behar dira [...] Orain arte gertagaitzak ziren konplizitateak ehundu».

Uste du alde horretatik EAJ-PSE «aliantza erreaktiboa» izan dela. Uste du herri hau nagusiki subiranista eta aurrerakoia dela, eta, horrenbestez, aliantza politiko berriak behar dituela. «Mundua paradigma sozioekonomiko berri baterantz doa. Aurrean erronka global ikaragarriak dituen herri txiki bat gara: lehiatzeaz gain, lankidetzan aritzera behartuta gaude».

Berretsi du gehiengoa eskuratzen duenak izatea gobernatzeko giltza, eta oposizioarekiko lankidetza beste era batera antolatzea. Horretarako lidergo berriak behar direla uste du, kooperatiboak eta gobernantza eredu feministan oinarrituak. Berdintasun planak politika guztietan txertatzeaz gain, zeharkakotasun hori «modu erradikal batean martxan jartzea» proposatzen du: «Genero ikuspegia ekintza, alor eta programa guztietan egoteaz ari gara, eta baita emakumeentzako jabetze prozesuak martxan jartzeaz ere».

Burujabetza politikoa

Ez du independentzia hitza aipatzen. «XXI. mendean planteatzen diren erronken tamainarekin bat datorren eraldaketa sozial eta nazionaleko prozesu bat abian jartzea» proposatzen du. Uste du eztabaida ez dela Espainiako Konstituzioan posible ote den edo ez, baizik eta zehaztea «aro berri honi erantzun positiboa emateko zer subiranotasun maila eta zer autogobernu maila behar den». «Guk erabakitzeko ahalik eta gaitasun handiena nahi dugu», dio. «Horretarako, behar ditugu estatus politiko berriak, EAEn eta Nafarroan».

Uste du jaio berri diren belaunaldiei etorkizun hobea uzteko zimenduak jartzeko garaia orain dela. «2040an Euskal Herria nolakoa izatea nahi dugun imajinatu behar dugu, eta gaurtik martxan jarri». Layla Martinez idazleari erreferentzia eginez amaitzen du: «Sutsuki baikorrak eta erabat pragmatikoak izatea da gure aukera bakarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.