Aroak ere senideen aurka egiten duenean

Asteburuan egin duen elurteengatik euskal preso asko bisitarik gabe gelditu dira, eta espetxeetara iritsi diren asko, berriz, aurrez aurrekorik gabe gelditu dira, ukimenezko miaketei uko egiteagatik.

2010eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Sakabanaketaren ondorioz, kilometroak eta kilometroak egin behar izaten dituzte euskal presoen senide eta lagunek haien bisitatzeko. Eta elurrak eta izotzak ere haien aurka egiten dutenean, bidaiak amesgaizto bihurtzen dira, edo, besterik gabe, egin ezinak. Asteburuko eguraldiagatik asko dira senide eta lagunak ikusi gabe gelditu direnak, eta bidaiako trabak gainditu eta gero ere, beste asko, ukimenezko miaketei uko egiteagatik.

Etxerat-ek bisitentzat antolatzen dituen furgoneta batzuk ez ziren atera ere egin: Moulinsekoa, Cacereskoa, Badajozkoa, Almeriakoa eta Castellokoa, adibidez. Herrerako espetxera zihoan furgonetak ahalegina egin zuen. Baina Lopidan (Gasteiz) etsi behar izan zuen, aurrera jarraitzeak arrisku gehiegi ekarriko zuelako, Jose Mari Agirretxeren arabera -furgonetan zihoan Agirretxe-. Urtean bitan joaten da Ina Orotegi eta Niko Francisco Lasarteko lagunak bisitatzera. Atzera egiteak pena eman ziola onartu du, baina zuhurtasunez jokatu eta bisita bertze baterako utzi nahiago izan zutela dio.

Beste senide eta lagun batzuk norbere kabuz saiatu ziren bisitetara iristen. Pilar Gabilondok bederatzi ordu behar izan zituen Mutiloatik (Gipuzkoa) Curtisko espetxera iristeko (Galizia), eta beste hamabost itzultzeko. Ostiraleko 14:00etan abiatu zen, eta igandeko 03:00etan etxeratu,Gonzalo Rodriguez bere laguna soilik 40 minutuz ikusi ahal izateko. Aurrez aurrekoa ere bazeukan, baina ez zioten onartu, ukimenezko miaketari uko egin ziolako.

Normalean, zazpi ordu eskas behar izaten ditu bien artean dauden 675 kilometroen egiteko. Ohiko baldintzetan luze izaten dela dio, baina asteburuan bukaezina iruditu zitzaion. Hamaika istripu ikusi zuen bidean, eta berak ere beldurra pasatu zuen bizpahiru aldiz. Guztiz nekatuta iritsi zela nabarmendu du, nekatuta eta zainetan.

Baina eguraldiagatik ohi baino gaizkiago pasatu behar izana ez da Gabilondo gehien haserretzen duen gauza. Asteburua kontatzean halabeharraren doinua erabiltzen du, baina espetxe politika aipatzen duenean haserrea nabaritzen zaio. Haren lagunak iaz bete zituen jarri zioten kartzela zigorraren hiru laurdenak, eta, horrenbestez, baldintzapeko askatasunean egon beharko lukeela eta, Gabilondok argi utzi nahi du «beraiek egindako legeak errespetatuko balituzte» ez lukeela bizitza arriskatu beharko astebururo bere ikustera joateko.

Ez du arreta bere kasuan jarri nahi, ordea. Aurrez aurrekoak egin ahal izateko hasi dituzten ukimenezko miaketekin presoen senide eta lagunak umiliatu nahi dituztela ez dauka dudarik. «Gu senideak baizik ez gara». Gainera, argi utzi nahi du segurtasunarekin ez daukala zerikusirik, metala aurkitzeko arkupetik pasarazten dituztelako aurretik.

Agirretxeren ustez, eskubideak eskubideak dira eta horien errespetatzeko eskatzen jarraitu behar da. Alde horretatik, sakabanaketa bukatzeak horrelako egoerak saihestuko lituzkeela argi du. Baina Espainiako eta Frantziako gobernuetatik ez du ezer espero. Aldiz, konfiantza dauka «Euskal Herriaren indarrean» eta «hasi berri den prozesuan».

Kartzeletara iritsi arren, hamarnaka dira senide eta lagunekin egoterik izan ez dutenak ukimenezko miaketei uko egiteagatik. Algecirasen aurrez aurreko guztiak galarazi dituzte. Soto del Realen Asier Kintana ere aurrez aurrekorik gabe gelditu da, Kordoban Gorka Vidal, Puerto Ien Joseba Iturbe, Curtisen Gonzalo Rodriguez, Ibon Meñika, Sergio Polo, Alberto Plazaola, David Ebrian eta Aritz Azkona, Ocaña IIn beste hiru preso, Castello IIn Aitor Herrera, Granadan Iñigo Guridi eta Almerian Iñaki Krutxaga eta Iñaki Herro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.