Salatu dute Aroztegiko auzian enpresak negoziazioa hautsi duela «43 milioi euro lortzeko»

Negoziazioetan, fiskaltza eta Palacio de Arozteguia SM enpresa prest agertu dira «talde kriminalaren akusazioa» bertan behera uzteko; ez ordea, erantzukizun zibilarena. Epaiketa astelehenean hasiko da.

 Aroztegiko gatazkan auzipetutako lagunen aldeko manifestazioa. AITOR KARASATORRE / FOKU
Aroztegiko gatazkan auzipetutako lagunen aldeko manifestazioa. AITOR KARASATORRE / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko maiatzaren 15a
07:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Bide luze honetan, behin eta berriz gure bizitzekin jokatzen ari diren irudipena dugu». Aroztegiko auzian enpresak negoziazioa hautsi duela salatu du gaur Elkartasun Komiteak, nabarmenduta 43 milioi euroko kalte ordaina lortzea duela helburu. Erran dutenez, joan den astean fiskaltzak jakinarazi zien akordio bat zegoela, baina handik egun batzuetara jakin dute enpresak ez duela onartu. Negoziazio horietan, fiskaltzak eta Palacio de Arozteguia SM enpresak adierazi dute prest direla «talde kriminalaren akusazioa» bertan behera uzteko; ordea, badago bertze aldaketarik: «marra gorri» gisa izendatutakoa gainditu baitute. «Enpresak gure kontrako erantzukizun zibilaren eskaera zigorra irekia uztea erabaki du, hura omen baitu Nafarroako eta Espainiako Gobernuengandik 43 milioi euroko kalte ordaina lortzeko bide bakarra», adierazi dute.

Gaur arratsaldean egitekoa zuten azkeneko hilabeteetan Aroztegiko auzian izan diren negoziazio eta akordio proposamen batzuen berri emateko prentsaurrekoa. Azken orduko aldaketa batzuk direla medio, ohar bidez zabaldu dute informazioa. Bertan erran dutenez, ez daude prest «biziarteko zigor ekonomikoaren arriskua» onartzeko: «Beraz, epaiketari bere horretan eutsiko zaio, eta momentu hau baliatu nahi dugu Aroztegiko Elkartasun Komiteak epaiketa asterako prestatu duen egitaraua zuei jakinarazteko». 

Guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi baztandarrendako, 2021eko apirilean Lekarozen (Baztan, Nafarroa) egin zituzten protesta batzuk direla eta. Aroztegiko obrak geldiarazteko egin zituzten kanpaldiengatik, zehazki: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko Lekaroz herrian. «Talde kriminal antolatu bat izatea, eta derrigortze eta bortxa delitu larriak» leporatzen dizkiete, zehazki. Komitekoek, baina, erran dute zigor eskaera horren bidez gauza bakarra nahi dutela: «Herrien borrokei zilegitasuna kendu eta horiek isilarazi».

Bien bitartean, joan den otsailaren 1ean Aroztegiko zazpiak absolbitzeko eta «proiektu espekulatzaileak eta suntsitzaileak gelditzeko» 18.000 lagun atera  ziren kalera Iruñean. Eta joan den astean, berriz, kanpaldia egin zuten Elizondoko plazan, Aroztegiko zazpi auzipetuei babesa emateko.

Soka luzea

Ez da hiru aldeen artean akordioa egiteko lehenbiziko saiakera. Izan ere, Aroztegiko Elkartasun Komiteak joan den urteko azaroan azaldu zuenez, fiskalak akordiorako deitu zituen zazpi akusatuak, erranez prest zela «talde kriminalaren akusazioa» bertan behera uzteko; ordea, agerraldian erran zutenez, Palacio de Arozteguia SM enpresa akusazio horrekin «tematu» zen, «erasotzailea biktima gisa agertzeko». Ondorioz, auziak epaiketarako bidea hartu zuen, eta horretan da gaur egun: hasieran otsailaren 3-7 bitarte izatekoa zen, baina gibelatu egin zieten, eta heldu den astean izanen da, astelehenetik ortziralera bitarte.

Aroztegiako gatazkan auzipetutako herritarren aldeko manifestazioa, otsailean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Aroztegiako gatazkan auzipetutako herritarren aldeko manifestazioa, otsailean. AITOR KARASATORRE / FOKU

«Gure ustetan, epaitegiak herri mugimendua talde kriminal izenda dezan nahi du Palacio de Arozteguia SMk. Izan ere, Nafarroako eta Espainiako Gobernuarekin irekiak dituzten auzietan 43.000.000 euroko kalte ordaina eskatu dute, herriaren oposizioa ikusita babes gabe utzi dituztela argudiatuta», erran zuten iazko azaroan. Eta ideia hori bera berretsi dute gaurko oharrean. 

Elkartasun komitekoek behin baino gehiagotan jakinarazi dutenez, negoziazioetan «zentzuzko akordio bat» lortzea zen beren helburua, zenbait ideia azpimarratuta. Batetik, onartzen dute Aroztegiko obra haiek «desobedientziaz gelditu izana», eta prest daude «desobedientzia ekintza jakin horren ondorioen» erantzukizuna hartzeko. Baina, bertzetik, ez dute onartzen «talde kriminaltzat» jotzea, «izendapen horren bidez Euskal Herri guztiko borroketan aurrekari bat sortzeko asmoa» dutelako. 

Bada, ildo horretatik, herritar guztiei dei egin diete «injustiziari aurre egin, eta desobedientzia eta ekintza zuzena defendatzeko». Horretarako, heldu den asterako egitarau zabala antolatu dute: astelehenetik ortziralera bitarte, 07:45ean, auto karabana eginen dute Elizondotik Iruñera bitarte; 08:45ean auzipetuei babesa adieraziko diete epaitegiaren aitzinean, eta 09:00etan kolektiboen adierazpenak izanen dira —ortziralean izan ezik—. Horrez gain, astelehenetik ortzegunera bitarte, egunero, mahai inguru bat eginen dute, eta hainbat taldek hartuko dute parte. Ortziralerako, berriz, deialdi masiboa egin dute, eta auzipetuek deklarazioak eginen dituzte.

Kalte ordaina

Urteak dira enpresa kalte ordainak eskatzen ari dela. Hain zuzen, 2021eko abuztuan proiektuaren sustatzaileek idatzi bat igorri zioten Nafarroako Gobernuari: jakinarazi zioten prozedura bat abiatuko zutela 43 milioi euroren kalte ordaina eskatzeko, obrak bertan behera utzi zituztelako. Nafarroako Gobernuari ez ezik, Espainiakoari ere eskatu zioten diru hori; argudiatuta segurtasun arloan funtzioak alde batera utzi zituztela Aroztegiko protestak zirela eta. 

Zehazki, erraten dute ez Foruzaingoak ezta Guardia Zibilak ere ez zutela esku hartu zenbait ekintzatan. Haien jokabidea kritikatu dute, hala nola obrara sartzea galarazten zuten kartelak kendu izana, ibilgailu baten giltzak kendu izana, langileei bidea oztopatu izana, edo herritar batzuk obren lekuan sartu izana. Kanpaldiaz ere mintzo dira dokumentuan: sustatzaileek diote ekintza horretara dei egiteko mezu baten berri zuela Guardia Zibilak, eta, kanpaldia egin zenean Guardia Zibila bertan zegoen arren, ez zutela galarazi kanpin dendak jartzea. 

Lekarozko Aroztegia jauregia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Lekarozko Aroztegia jauregia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.

Naiz hedabideak eman zuen 2022an horren berri, eta publiko egin zituen dokumentuaren zenbait pasarte: «Ez da inolako erantzunik eman ordena publikoaren benetako defentsari dagokionez, legezko planteamendu bat egikaritzea ahalbidetzeari dagokionez eta erantzukizuna duten administrazioek enpresa askatasuna defendatzeari dagokionez. (...) Protesta baketsua edo ekintza espontaneoa ez, baizik eta ekintza planifikatua, bortitza eta pertsonen eta ondasunen aurkako erasoa izan diren gertakarien aurrean».

Baztango Udalari ere erreferentzia egin zion dokumentuan: izan ere, Baztango Udalak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari eskatu zion betearazteko Aroztegiko obrak legez kanpokotzat jotzen zituen epaia, LAB sindikatuak jarritako helegite bati erantzunez. Bada, proiektuaren sustatzaileak dokumentuan dio sententzia horri helegitea jarri ziola Nafarroako auzitegian eta Espainiako Auzitegi Gorenean. 2022ko otsailean Nafarroako Auzitegiak baieztatu zuen obrak legez kanpokoak izan zirela.

UGEP indarrean

Hamar urte daramatzate baztandarrek proiektu horren kontra egiten. 2015eko hauteskundeetarako bortz egun bakarrik falta zirela, Yolanda Barcinaren gobernuak proiektuaren UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana tramitatzea onartu zuen —oraindik indarrean dago—. Horren bidez, bertan behera gelditu zen Baztango Udalak lur horien gainean zuen hirigintza arloko eskumena, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu zen. Hau da, udalak ez du arlo horretan erabakitzeko ahalmenik.

2015eko mugimendu haren ondotik, UPNk gobernua galdu zuen, eta Geroa Bairen esku gelditu zen. Horrek, ordea, apenas izan zuen eraginik, Uxue Barkosen alderdiak Aroztegiko proiektua defenditu baitu, bai Baztanen eta bai Nafarroan.

Auzia gatazka iturri izan da Baztango Udalean ere, proiektuaren alde eta kontra lerratu izan baitira alderdiak: EH Bildu eta Baztango Ezkerra, kontra, eta UPN eta Geroa Bai, alde. Herritar gehienak ere proiektuaren kontra agertu dira: 2016an herri galdeketa bat egin zuten: herritarren %27,7k parte hartu zuten, eta horietatik %82,8k adierazi zuten proiektuaren kontra zeudela. Oposizioak oposizio, 2021ean obrak hasi zituzten, baina orain auzipetu dituzten herritarrek, bertze hainbatekin batera, geldiarazi zituzten.

Are, Indarrean dago oraindik Aroztegiko proiektuari dagokion udalerriz gaindiko eragina duen plana —2039 bitarteko epea du—, eta, beraz, proiektua ez dago guztiz geldirik. Ordea, obrak gelditu zirenean TEX enpresa auzitik erretiratu zuen, eta lanen ebazpena hutsik dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.