Kanpaldian jasotako erantzunarekin harro, Aroztegiko auzipetuak epaiketa egunetan babestera deitu dute

Aroztegiko Elkartasun Komitearen iritziz, kanpaldiak argi utzi du «herri oso bat» dagoela Aroztegiko proiektuaren aurka. Maiatzaren 19an, epaiketa hastekoa den egunean, Iruñeko epaitegien aurrean elkarretaratzera deitu dute.

Aroztegiko kanpaldiko elkarretaratze bat, Elizondoko plazan.
Aroztegiko kanpaldiko elkarretaratze bat, Elizondoko plazan. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 10a
16:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Elkarretaratze zaratatsu batekin eman diote amaiera, gaur eguerdian, astebeteko elkartasun kanpaldiari Elizondon (Baztan, Nafarroa). Joan den igandetik, gau eta egun hartu dute herriko plaza Aroztegiko zazpi auzipetuei babesa emateko bildu diren herritarrek. Era askotako ekintzen bidez eskatu dute auzipetuen absoluzioa, eta salatu dute «lurraren defentsaren kriminalizazioa». Herritarren aldetik jasotako erantzunarekin gustura agertu dira antolatzaileak, eta maiatzaren 19tik 23 bitartean Nafarroako Probintzia Auzitegian egitekoa duten epaiketa egunetan ere auzipetuak babestera deitu dute.

«Harrituak gelditu gara baztandarren eta Euskal Herriko komunitatearen elkartasunarekin. Esker beroena egun hauetan nola edo hala babesa, laguntza eta elkartasuna eman diguzuen guztiei», adierazi dute elkartasun komiteko kideek. Kanpaldia harro amaitu dutela nabarmendu dute itxierako elkarretaratzean. «Harro, jendeak eman duen erantzunaz; harro, dugun herri mugimenduaz; harro, adin guztietako jendeak borroka hau bere sentitzen duela ikusi eta sentitzeaz; harro, gutaz eta dugun mobilizatzeko gaitasunaz; eta harro, borrokan sinetsiz lortu dugun guziaz». Gaineratu dute «kristorena» izan dela herritarrek erakutsi duten babesa sentitzea. Hori dela eta, uste dute kanpaldia garaipen bat izan dela.

IMG 5210
Aroztegiko auzipetuen aldeko bizikleta martxa bat Elizondon. BERRIA

Nabarmendu dute «jende pila bat» batu dela kanpaldira, dozenaka lagun izan direla gauero plazan lo egiten, ehun herritar inguru elkartu dela eguneko arratsaldeko elkartasun ekintzetan, eta mezu argi bat ematea lortu dutela Aroztegiko hirigintza proiektuaren aurka eta auzipetuen absoluzioaren alde.

Maiatzaren 19an hasiko den epaiketan, hogei urteko kartzela zigorrei eta 56.000 euroko isunei egin beharko diete aurre, orotara, Baztango zazpi auzipetuek. Talde kriminal antolatu bateko kide izatea eta bortxa nahiz derrigortze delituen ardura egozten dizkiete, 2021eko udaberrian, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), Aroztegia proiektuko lanak geldiarazi zituen kanpaldi batean parte hartzeagatik. «2021eko kanpaldian sentitu zen harrotasun bera sentitu dugu lau urte geroago, berriz ere injustizia baten aitzinean, egin dugun kanpaldi honetan», esan dute elkartasun komiteko kideek.

«Ez dira zazpi»

Musika, zirkua, bertsoak kirola eta bestelako jarduerak mobilizazio eta ekitaldi politikoekin uztartu dituzte kanpaldian, eta hiru izan dira errepikatu diren mezu nagusiak: Aroztegiko proiektua gelditzea, auzipetuen absoluzioa eta hirigintza proiektuaren kontrako ekintzen «kriminalizazioa» salatzea. Elkartasun komiteko kideek nabarmendu dute 2021eko kanpaldi hura herri oso baten mobilizazioa izan zela. Horregatik, Guk ere kanpatu genuen leloa izan da Elizondoko plazan bistara egon direnetako bat. «Aste honetan pasatu denak argiki erakutsi du ez direla zazpi, herri oso bat garela», adierazi dute ekitaldian. Aroztegia proiektuak aurreikusten zuen Lekarozen 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraikitzea.

Dozenaka herritar, kanpaldiko gau batean. BERRIA
Dozenaka herritar, kanpaldiko gau batean. BERRIA

Elkartasun komitearen iritziz, argi gelditu da «herri oso bat» dagoela Aroztegiko proiektuaren aurka. Hori dela eta, salaketa jarri duen Palacio de Arozteguia enpresak —proiektuaren sustatzaile denak— eta hura babestu duten eragileek «zilegitasun osoa galdu dute».

Babes sareak auzipetuei elkartasuna adieraztera deitu du epaiketa egunetarako ere. Bereziki, maiatzaren 19rako, «epaiketa indar handiz hasi» nahi dutelako. Egun horretan, Iruñeko auzitegien parean biltzeko eskatu diete herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.