Aroztegiko auzipetuen absoluzioa eskatu dute: «Desobedientzia zibila ez da delitua»

Zazpi lagun epaituko dituzte martxoaren 19tik 23ra bitarte, Aroztegiko obren kontra egindako kanpaldian parte hartzeagatik. Haien absoluzioa eskatu dute 196 lagunek sinatutako manifestu batekin, desobedientzia zibila ezin delako kriminalizatu.

Elkartasun komiteak egindako agerraldia, gaur goizean. IÑIGO URIZ / FOKU
Elkartasun komiteak egindako agerraldia, gaur goizean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 13a
13:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Aroztegiko obren kontrako kanpaldiaren harira auzipetutako zazpiei babesa adierazteko manifestu bat sinatu dute 196 lagunek. Horien absoluzioa eskatu dute, eta adierazi adierazpen askatasunaren eta eskubide demokratikoen aurkako aurrekari kezkagarria litzatekeela: «Desobedientzia zibila ez da delitua, eskubide sozial beharrezko eta zilegia baizik».

Lekarozen (Nafarroa) luxuzko hotel bat, golf zelai bat eta 228 txalet egiteko lanak hasi zituen Palacio de Arozteguia SM enpresak, 2021ean. «Adreilu eta turismo garapen jasanezin» baten erakusle diren obrak, Aroztegiko Elkartasun Komitearen esanetan. Hala, urte hartako apirilean, hondeamakinak iritsi zirenean, herritarrek kanpaldi bat egin zuten eremuan bertan, obraren nondik norakoak salatzeko asmoz. Kanpaldiak zenbait egun iraun zuen, eta bitartean makinen lana oztopatu zuten. Aroztegiko Elkartasun Komitearen arabera, proiektu «espekulatzaileari» aurre egiteko «gelditzen zitzaien azken aukera» izan zen: «Jende andanak parte hartu zuen bertan, haren desadostasuna erakutsiz modu demokratikoan».

Ekintza harengatik, baina, zazpi lagunen aurkako «akusazio gogorrak» aurkeztu zituzten, eta maiatzaren 19tik 23ra bitarte epaituko dituzte Nafarroako Probintzia Auzitegian: talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak leporatu dizkiete. Denera, 20 urteko espetxe zigorra eskatzen dute eurentzat, eta 56.000 euroren isunak. Palacio de Arozteguia SM enpresak, obrak egin asmo zituenak, haratago ere jo du. 43 milioi euroren konpentsazioa eskatu die Nafarroako eta Espainiako gobernuei, eta komiteak salatu du dirutza exijitu nahi dietela auzipetuei ere. «Proiektu osoa haien erruz hondoratu zela argudiatu nahi du enpresak, gero haien bizkar botatzeko kostuak, asmatutakoak barne», salatu dute, esanez hori «bizi osorako zigor ekonomikoa» ezartzea litzatekeela.

Manifestuaren sinatzaileek nabarmendu dutenez, «herri batek eginiko desobedientzia zibila ezin da kriminalizatu», eta hala adierazi dutela auzipetuei babesa adierazi dieten milaka herritarrek. Izan ere, Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuei babesa adierazteko kanpaina bat jarri zuen martxan, eta, besteak beste, Baztango Batzar Nagusien babesa ere izan dute; erakunde hark urte hasieran eskatu zion Nafarroako Gobernuari proiektua geldiarazteko. Horrez gain, otsailaren 1ean manifestazio jendetsua egin zuten Iruñean. Antolatzaileen arabera, 140 eragileren babesa jaso zuen mobilizazio hark, eta 18.000 lagun inguruk parte hartu zuten, Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez lelopean. Egun hartan, hala mintzatu zen Aintzane Ariztegi auzipetua: «Absoluzioa eskatu nahi dugu, eta, horrez gain, salatu nahi dugu Aroztegiko proiektua martxan dela oraindik, eta Nafarroako Gobernuak babesten duela, udalerriz gaindiko eragina duen plana den heinean».

Aurreko astean, berriz, kanpaldi bat egin zuten Elizondon (Baztan, Nafarroa). Han, besteak beste, Guk ere kanpatu genuen leloa erabili zuten, 2021eko protestan herritar ugari izan zirela gogoratuz. Are gehiago, auziak izandako erantzuna kontuan izanik, nabarmendu zuten Baztandik haratago iritsi dela afera: «Aste honetan pasatu denak argiki erakutsi du ez direla zazpi, herri oso bat garela».

Prozesu luzea

2008raino egin behar da atzera auziaren oinarrira iristeko. Palacio de Arozteguia enpresak Nafarroako Parlamentura jo zuen, proiektua UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa onartzeko helburuarekin. Hala eginez gero, Baztango Udalak hirigintza arloan dituen eskumenak bertan behera geratuko ziren, eta Nafarroako Gobernuak hartuko zukeen proiektuaren inguruko erabakia. Orduan, baina, ez zuen lortu UGEP gisa tramitatzea.

2009an, baina, Baztango Udalera jo zuen enpresak proiektuarekin, eta udalak —orduan, Nafarroa Bairen eskuetan— ontzat jo zuen laborantza lur haiek lur eraikigarri izendatzea. Lekarozen, baina, lurrak birkalifikatzearen kontra azaldu ziren, eta, horren ondorioz, herri plataforma bat eratu zuten proiektuaren enpresa sustatzailea auzitara eramateko. Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien 2013an, proiektua legez kontrakotzat jota. Gerora, Espainiako Auzitegi Gorenak ere berretsi zuen ebazpen hura.

Halere, 2015ean Palacio de Arozteguia enpresak beste eskari bat egin zuen, eta, bozen atarian, UPNk UGEP gisa tramitatzea onartu zuen. Aferak eztabaida ugari eragin zituen gobernu berriko lau indarren artean: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra. Orduan ere auzitara jo zuten, baina, kasu hartan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Aretoak egitasmoaren sustatzaileen alde egin zuen, Sustrai Erakuntza fundazioak aurkeztutako helegitea atzera botata. 2017an gertatu zen hori, eta hala mintzatu zen 300 biztanleko herri batean 228 etxebizitza eta luxuzko oporleku bat egitearen eraginez: «Lurraldean izanen duen intzidentzia estrategikoa eta sozioekonomikoa izanen da [...], inbertsioan, enpleguan, Nafarroako erakargarritasuna indartzean eta tokian tokiko beste azpiegituren erabileran izanen duen eraginarengatik». Hala, 2021ean lanei ekin zieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.