Aroztegiko auzipetuek salatu dute enpresak eta fiskaltzak «kriminalizatu» egin nahi izan dituztela

Itziar Torresek ohar bat irakurri du zazpi auzipetuen izenean. Bertan, hirigintza enpresari leporatu diote auzia baliatzea «diru publikotik 43 milioi euro» eskuratzeko. Sentenziaren zain geratu da auzia.

Aroztegiko auzipetuak, epaiketa amaitu berritan, Nafarroako Auzitegiaren kanpoaldean. ION ORZAIZ
Aroztegiko auzipetuak, epaiketa amaitu berritan, Nafarroako Auzitegiaren kanpoaldean. ION ORZAIZ
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 23a
13:57
Entzun 00:00:0000:00:00

Amaitu da Aroztegiko auzipetuen aurkako epaiketa. «Ez dakigu zein izango den sententzia, baina arras posible da talde kriminalaren kondena ezartzea», adierazi du Itziar Torres auzipetuak zazpi akusatuen izenean. Nafarroako Auzitegiaren kanpoaldean eman du prentsaurrekoa Torresek, epaitegitik atera ostean. Salatu du epaiketan zehar «eskutik hartuta» aritu direla fiskaltza eta Lekarozen (Nafarroa) Aroztegia hirigintza proiektua gauzatu nahi duen enpresa. Auzipetuen arabera, Palacio de Arozteguia SM enpresarentzat «nahitaezkoa» da sinetsaraztea «talde kriminal hierarkiko eta antolatu bat» osatzen dutela proiektuaren kontrako desobedientzia ekinaldietan parte hartzeagatik akusatutakoek. Gainontzean ezingo baititu «diru publikotik 43 milioi euro lortu».

Torresek esan duenez, akusatuen abokatuari «behin eta berriz» ukatu diote testuinguru horren berri ematea; eta enpresak eta fiskaltzak «gezurretan oinarritutako kontakizun misogino, patriarkal eta klasista bat» asmatu dute. Auzipetuak jakinarazi duenez, haien aurkako «kontakizunaren» arabera, emakumeak «talde beldurgarri» bateko buru dira, eta gizonek haien esanetara indarkeriaz jarduten dute. Gainera, itxuraren araberako aurreiritziak ere erabili dituztela jakinarazi dute auzipetuek: «Antisistema, motxiladunak, rastadunak...».

Gainera, epaiketan zehar, euskaldun izateagatik «bigarren mailako herritar bezala» tratatu dituztela gaitzetsi dute: «Nabarmen gelditu da euskaldunon eskubideak ez direla bermatzen». Auzipetuen arabera, interpreteari «itzulpen amaigabeak» eginarazi dizkiote, eta horrek «kolokan» jarri du akusatuen testigantzaren sinesgarritasuna. Gaineratu dutenez, euskara ulertzen ez dutenek auzipetuek esandakoen interpretazioak egitea normalizatu da epaiketan zehar.

Epaiketa amaitu berritan, zazpi akusatuek jendetza zuten zain epaitegiaren kanpoaldean. Zazpien absoluzioa eskatuz, kamiseta horia soinean, txaloka hartu dituzte auzipetuak, eta lore sorta bana eman diete epaitegitik atera direnean.

Auzipetuek esker hitzak izan dituzte «bidelagun» izan dituztenentzat, bereziki azken astean babesa eman dietenentzat: «Guztion artean, Nafarroako landa eremuko herri bateko borroka Euskal Herri mailako borroka bihurtzea lortu dugu». Sententzia argitaratzen denean ere herritarren babesa beharko dutela gehitu dute, eta ohartarazi Aroztegiko proiektua bertan behera geratzen ez den bitartean «makroproiektu espekulatzaile» hori gauzatzeko arriskua egongo dela. Eta borrokan jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.