Aroztegiko auzipetuen aldeko kanpaldia egingo dute maiatzaren 4tik 10era

Askotariko egitaraua osatu dute prozesatuen absoluzioa eskatzeko. Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra bitartean, Aroztegiko hirigintza proiektuaren lanak eteteagatik. Talde kriminal bateko kide izatea leporatzen diete.

Aroztegiko auzipetuen absoluzioa eskatzeko manifestazio bat, aurtengo otsailaren 1ean, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Aroztegiko auzipetuen absoluzioa eskatzeko manifestazio bat, aurtengo otsailaren 1ean, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko apirilaren 30a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Aroztegiko zazpi auzipetuak absolbitzeko manifestazio jendetsu bat egin eta hiru hilabetera, astebeteko kanpaldia egingo dute Baztanen, prozesatuei elkartasuna adierazteko. Kanpaldia maiatzaren 4tik 10era egingo dute.

Aroztegiko Elkartasun Komiteak kanpaldiari buruzko xehetasun gehiago emango ditu igande arratsaldean, egitasmoari hasiera emateko egingo duten agerraldian. Oraingoz, ekintza ugariko egitaraua osatu dutela aurreratu dute. Besteak beste, kontzertuak, bertso saioak, hitzaldiak eta bizikleta martxa bat izango dira.

«Lurraren defentsaren kriminalizazioa» salatu du azken hilabeteotan elkartasun komiteak, eta helburu bera izango du kanpaldiak ere, Aroztegiko zazpi auzipetuen kontrako epaiketa hasi baino egun gutxi batzuk lehenago. Prozesatuak maiatzaren 19tik 23ra bitarte epaituko dituzte. Denera, hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi baztandarrentzat. 

2021ean, Aroztegiko proiektuko obrak geldiarazteko egin zituzten kanpaldietan parte hartzeagatik, talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak leporatu dizkiete. Zigorren bidez, «herrien borrokei zilegitasuna kendu» nahi dietela salatu izan du auzipetuen babeserako sareak.

Aroztegia proiektuak zera aurreikusten zuen, Baztango Lekaroz herrian (Nafarroa) 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraikitzea. Baztango herritarrak hasieratik agertu dira proiektu horren kontra.

Lekarozen lanak hasteko makinak sartu ziren 2021eko apirilean, baina bai herritar taldeek eta bai Baztango Udalak salatu zuten legez kontra ari zirela, lanen esleipena baliogabe gelditu zelako. Handik hilabete batzuetara, 2022ko otsailean, arrazoia eman zien Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.