Arraia-Maeztuko alkateak (EAJ) dimisioa eman du

EH Bilduk eskatutako ezohiko bilkura bat egin aurretik aurkeztu du dimisioa, baina ez da ofizial egingo hurrengo osoko bilkurara arte. Koalizio subiranistak udal gobernuari txarretsi zion uztailean astebetez udaletxea itxi izana.

Arraia-Maeztu, artxiboko irudi batean. EH BILDU
Arraia-Maeztu, artxiboko irudi batean. EH BILDU
2024ko abuztuaren 14a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arraia-Maeztuko (Araba) alkate Gemma Ramosek (EAJ) dimisioa aurkeztu du, eta lan horiek egiteari utziko dio datorren udal bilkuraren ostean. Alkatea bajan egon da, eta Bersaitz Alegre alkateordeak, hura ere EAJkoa, behin-behinean hartu du haren jarduna azken asteetan.

EH Bilduk eskatuta egindako ezohiko bilkuraren aurretik iritsi da alkatearen erabakia. Hain zuzen, gaur eguerdian egin dute hura, Alegreren gidaritzapean. Bilkurako gai nagusia izan da uztailaren 22ko astean Arraia-Maeztuko udaletxea itxita eduki izana. EH Bilduren esanetan, udal gobernuak «bizilagunei, teknikariei, administrazio batzarrei eta oposizioko taldeari» jakinarazi gabe hartutako erabakia izan zen hura. Orduan, EH Bilduk salatu zuen «desgobernua» zela nagusi udalean, eta «funtzioen utzikeria» kritikatu zuen. Izan ere, Alegrek uztailaren 30ean hartu zuen udalaren gidaritza behin-behinean; astebete geroago.

Iazko udal hauteskundeen ostean, Arraia-Maeztuko Udala EAJko lau zinegotzik eta EH Bilduko hiruk osatu zuten, eta Ramos jeltzalea izendatu zuten alkate. Orain, udalbatzak datorren osoko bilkuran jorratu beharko du alkatearen dimisioa, eta haren ordezkoa aukeratu. Bitartean, EH Bilduk EAJri eskatu dio haren «barne arazoek» ez dezatela herrian eraginik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA