Hogei urte baino gehiago daramatza Ekologistak Martxan-ek Hego Euskal Herriko kostaldean bandera beltzak banatzen, eta aurten arrain haztegiek dute protagonismoa, bai iraganekoek eta bai etorkizunekoek. Izan ere, Lemoizen (Bizkaia) egingo duten mihi-arrain haztegiari eman diote bandera beltza, kutsaduragatik. Bestalde, bada Agiti izeneko kala bat Igeldo mendialdean (Gipuzkoa), eta arrain haztegi abandonatu bat dago han; hari ere eman diote bandera beltza, instituzioek ez baitute lehengoratu.
Ekologistak Martxan-en ustez, Eusko Jaurlaritza da bi arazo horien erantzule nagusia: batetik, Imanol Pradales lehendakaria bera izan delako Lemoizko haztegiaren bultzatzaile nagusienetako bat, eta, bestetik, Jaurlaritzaren eginkizuna delako Agiti kalako haztegi ohia lehengoratuko dela bermatzea.
Lemoizko haztegiaren proiektuari dagokionez, ekologistek onartu dute proiektuak Lemoizko zentral nuklearra «partzialki birnaturalizatzea» ere helburu duela, baina gehitu dute Eusko Alderdi Jeltzaleak «beti» ikusi duela Lemoizko zentral nuklearraren ingurua «negozioa egiteko aukera gisa». Baina, zergatik eman diote bandera beltza? Ekologistek nabarmendu dute arrain haztegi handiek «kalte larriak» dakarzkietela tokiko ekosistemei. 170 milioi euroko inbertsioa beharko da proiektua egiteko, eta Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euro jarri beharko ditu zentral nuklearraren horma hondatuak konpontzeko.
Proiektuaren bultzatzaileak Mercadona supermerkatu katearen arrain hornitzaile handienetakoak dira, eta aurreikusten dute urtean 3.000 arrain tona ekoizteko ahalmena izango dutela Lemoizen. Ekologistek gogorarazi dute halako haztegiek itsasoko «makroetxaldeak» direla funtsean: «Industria ekoizpen masiboak eragindako arazo guztiak izango dituzte. Akuikulturan, kilogramo bat arrain ekoizteko, gutxienez hiru edo lau kilogramo arrain behar dira, askotan arrain irin gisa ekarriak». Bestelako arazo batzuk ere badirela gogorarazi dute; esaterako, edateko ur geza erabiliko dutela itsasoko urarekin nahastu eta gazitasun egokia lortzeko. Hori dela eta, proiektua bertan behera uztea proposatu dute Ekologistak Martxan-ekoek.
Duela bi urte, BERRIAk elkarrizketa egin zion Marta Coll adituari, eta arrain handien akuikulturaren arazoaz mintzatu zen: «Akuikulturaren mundua askotarikoa da, ez baita gauza bera muskuilu haztegi bat edo harrapakari handien haztegi bat. Nola egiten diren ere garrantzitsua da, ez baita gauza bera ehun arrain edo 10.000 jartzea, antibiotikoak eta jatekoa eman behar baitizkiezu. Orokorrean, harrapakari handien akuikulturak ez du zentzu handirik. Arrain handi horiek arrain txikiak behar dituzte jateko, eta espezie txikiak arrantzatu beharko dituzu haiek elikatzeko. Ez litzateke hobe izango arrain txiki horiek guk jatea?».
Lehengoratu gabeko haztegia
Eusko Jaurlaritzari bandera beltza eman dio Ekologistak Martxan-ek beste arrazoi batengatik: Igeldoko (Gipuzkoa) Agiti kalako haztegia zena ez lehengoratzeagatik. Ekologisten esanetan, «ingurumen balio handiko enklabea» da, eta hogei urte daramatza abandonatuta. 2025ean Donostiako Udalak tokia birnaturalizatzeko eskatu zuen, baina urte berean Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura zuzendaritzak algak ekoizteko proiektu baten berri eman zuen.
Ekologisten ustez, Jaurlaritzak utzikeriaz jokatu du. Esan dutenez, «eskumen arazo bat» aitzakia hartuta, bere erantzukizuna ezkutatu du. Hori dela eta, Donostiako Udalaren 2025eko maiatzaren 29ko osoko bilkuran onartutako ebazpenaren antzera, ekologistek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lehenbailehen has ditzala kala lehengoratzeko lanak.
Lehengoratze politikekin zerikusia duen beste bandera beltz bat entregatu dute ekologistek, hori ere Gipuzkoan: Orioko Metondo hezegunea ez lehengoratzea kritikatu dute. Legez babestuta dago eremua, baina Ekologistak Martxan-ek salatu du ez dagoela tokia birnaturalizatzeko borondate eta konpromiso politikorik.
Bizkaian, berriz, martxan daude Lamiakoko paduraren inguruan (Leioa) hainbat etxe egiteko proiektuak, eta ekologistek uste dute hezegune hori lehengoratu behar dela, eta ez etxeak eraiki. Parke bat ere egin nahi dute, baina Ekologistak Martxan-eko kideek proiektua berrikustea eta azpiegitura horiek ez egitea proposatu dute. Halaber, paduraren eremu osoa birnaturalizatzea ere eskatu dute.