"Terrorismoa goratzea" egotzita Hasier Arraiz Sortuko presidentearen aurkako auzia artxibatu ondoren, Dignidad y Justicia elkarteak helegitea aurkeztu zuen kasua gehiago ikertzeko eskatuz. Helegite hori onartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta Arraiz irailean joan zen berriro deklaratzera auzitegi hartara. Orain, auzitegiak ebatzi du Arraizek ez zuela deliturik egin 2013ko azaroan Josu Muguruza eta Santi Brouard oroitzeko ekitaldian eginiko adierazpenekin.
Arraiz apirilaren 2an izan zen lehen aldiz deklaratzen, eta adierazi zuen Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideen hilketen urteurren ekitaldian esandakoarekin ezker abertzaleak orain dela 35 urte "estatuarekin hausteko" hartutako erabakia babestu zuela, "ez dituelako Euskal Herriaren eskubide nazionalak errespetatzen". Ezker abertzaleak Espainiako trantsizio politikotik eginiko bidea defendatu zuen Arraizek 2013ko azaroaren 18an egindako ekitaldian.
Auzia artxibatu egin zuen instrukzio epaileak iragan apirilean, baina auzitegi berak uztailean erabaki zuen ekinbidearekin jarraitzea.
Sortu: "Bada garaia epaiketa hauekin amaitzeko"
Auzia artxibatzeko erabakiaren ondoren, Sortuk adierazi du Arraizen aurkako prozesua "adierazpen askatasunaren aurkako erasoa" izan dela, "jazarpen politikoaren beste adibide bat". Alderdiaren arabera, "oso larria" da eztabaida politikoa inputazioen bitartez "baldintzatu" nahi izatea.
Hala ere, gogoratu du ezker abertzalearen aurka hainbat auzi daudela zabalik: "Bada garaia epaiketa hauekin amaitzeko; legeen salbuespenezko aplikazioarekin amaitu behar da".