Arrasateko Aita Mennin da Ibon Iparragirre, 41 orduko lekualdaketa baten ostean

Valdemoron eta Burgosen igaro ditu azken bi gauak. Salatu dute ez dutela anbulantzian eraman, administrazioak hala agindu bazuen ere

Atzo 11:30 aldera iritsi zen Ibon Iparragirre preso eria zeraman autoa Arrasateko zentrora. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Arrasateko Aita Menni zentroan (Gipuzkoa) dago jada Ibon Iparragirre Ondarroako (Gipuzkoa) preso eria. Espero zen atzo arratsalderako iritsiko zela Iparragirre, baina 11:30erako heldu zen hura zeraman autoa. Asteazkenean atera zuten Alcala Mecoko espetxetik, Madrildik, eta 41 ordu igaro dira preso eria Euskal Herrira iristerako; Valdemoroko kartzelan (Espainia) igaro zuen asteazken gaua, eta Burgosen ostegunekoa.

Atzo, minutu gutxi batzuetan Iparragirrerekin egoteko aukera izan zuen Angelita Burgoa presoaren amak, Iparra Galdu Baik plataformak jakinarazi zuenez. Elkartearen esanetan, hurrengo egunotan, zentroko arauak direla-eta, Iparragirrek ezin izango du kontakturik izan etxekoekin eta gertukoekin.

Hain justu, haren lekualdatzearen baldintzak kritikatu zituen atzo plataformak, Iparragirrek azken 48 orduetan eginiko bidearen berri izan aurretik. Batetik, salatu zuen ez zekiela Iparragirrek gauak non igaro zituen ere: «Aurreko lekualdatze guztietan, bideko ziegetan egunak eman izan ditu, eta ez daukagu arrazoirik pentsatzeko oraingoan baldintza hobeago batzuetan egongo dela». Gainera, ohartarazi zuten bideko ziega horien garbitasuna «tamalgarria baino tamalgarriagoa» dela: «Gune aproposak edozein infekzio hartzeko; hain justu, une honetan Ibonentzat hilgarria suertatu daitekeen egoera bat».

Halaber, plataformaren arabera, Espainiako espetxe administrazioak hitza eman zuen Iparragirre anbulantzian eramango zutela Arrasatera, baina, horren ordez, Poliziaren ibilgailu batean garraiatu zuten. Horren aurrean, kezka adierazi zuen plataformak: «Aurretik izandako lekualdaketa gehienetan oso egoera bortitzak jasan izan ditu Ibonek —mehatxuak, isekak, eskuburdinak gerriaren atzealdean, muturreko beroa edo hotza...—, eta oraingoan ere egoera hori bizitzen ari den ala ez ziur ez badakigu ere, senide eta lagunok kezkatuta gaude».

Plataformak gogorarazi du osasun txostenek larritzat jotzen dutela Iparragirreren egoera, eta, hala ere, «bere etxean egoteko aukera ukatu» diotela: «2011ko urritik 2014ko martxoraino, espetxealdi arinduan egon zen pultsera telematiko batekin. Zergatik ez dute beraien legea betetzen eta Iboni espetxealdi arindua aplikatzen, ukanbehar guztiak betetzen baditu?». Uste dute «mendeku gosea eta oinarri-oinarrizkoenak diren giza eskubideekiko errespetu eza» daudela tratu horren atzean. Bihar elkarretaratzea egingo dute Ondarroan, 13:00etan.

Gaixotasun larria du Iparragirrek; hiesa du, 3C fasean —estadiorik aurreratuenean, hain zuzen—, eta, espetxeratu zutenetik—2010ean—, haren egoerak okerrera egin du etengabe. Presoa aske uzteko eskatu dute haren abokatuek behin baino gehiagotan, baina Espainiako Auzitegi Nagusiko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok ez du aintzat hartu eskaera, presoak «horretarako baldintzak» betetzen ez zituela eta «berriro delitua egiteko» arriskua zegoela iritzita. Horren ordez, beste neurri bat ezarri zuen Castro epaileak: Iparragirre Arrasateko Aita Menni erietxera bidaltzeko agintzea. Erietxean egonda ere, preso atxikiko dute Iparragirre, bigarren graduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.