Arrasto lazgarria

Lau hildako eta ehunka zauritu utzi dituzte gomazko pilotek Euskal Herrian. Horietako askori bizi osorako kalteak eragin dizkiete.

jokin sagarzazu
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arrasto lazgarria utzi dute gomazko pilotek Euskal Herrian. Ehunka zauritu, horietako asko bizi osorako kalteak dituztenak, eta lau hildako. Euskal Memoria fundazioak argitaratutako Gernikako seme-alabak lanean jasotzen denez, lehenengo hiru hildakoak 70eko hamarkadan izan ziren, eta Espainiako Poliziaren oldarraldietan galdu zuten bizia. 1973. urteko martxoan hil ziren Jose Luis Aristizabal eta Isidro Susperregi, Donostian. 1977ko maiatzean, Luis Santamaria hil zen Iruñean, gomazko pilota baten kolpea jaso ondoren, bihotzekoak jota.

Azken hildakoa,1995. urtean izan zen, Donostian. Ertzaintzaren oldarraldi batean galdu zuen bizia Rosa Zarrak, sei seme-alaba zituen 58 urteko emakumeak. Zarraren heriotzak hautsak harrotu zituen, gertakari larri horri ez baitzioten erantzunik eman agintari politikoek.

Donostiako Anoeta ondoan izan zen gertakaria, Bakearen Usoaren eskulturaren ondoan. Bezperan Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren senitartekoen aurka erabilitako bortizkeria salatzeko elkartutako ehunka herritarri oldartu zitzaion Ertzaintza. Leku berean, ETAk bahitutako Jose Maria Aldaia enpresariaren askatasuna eskatzen ari ziren beste herritar batzuk. Testuinguru hartan, oldarraldiak eragindako istiluez ohartu ere egin ez ziren pertsona edadetu batzuen aurka tiro egin zuen ertzain batek, «bertatik bertara». Rosa Zarraren familiak gogoratzen duenez, «zortzi edo bederatzi metrotik» jaurtitako gomazko pilota baten kolpea jaso zuen sabelaldean. Handik ospitalera eraman behar izan zuten. Kolpeak heste lodia gerarazi zion, eta, aldi berean, infekzioa sorrarazi gorputz osoan. Hiru egun geroago hil zen.

Heriotza gertatu aurretik familiak salaketa jarri zuen, besteak beste pilota kolpearen egilea identifikatzea eta zigortzea eskatuz; erantzunik ez zuten jaso. Juan Mari Atutxa orduko Herrizaingo sailburuak adierazi zuenez, Ertzaintzak ez zuen batere ardurarik izan gertakari hartan eta pilota kolpea «gertaera zirkunstantziala» baino ez zela izan adierazi zuen. Azaldu zuenez, Zarrari bere garaian transplantea egin zioten, eta horren ondorioz hil zen. Donostia Ospitaleko mediku batek, baina, goitik behera ukatu zuen bertsio hori. Hala ere, Donostiako Probintzia AuzitegiakHerrizaingo sailburuaren tesia bere egin, eta auzia artxibatu egin zuen.

Ehunka herritar zauritu ditu poliziak gomazko pilota kolpeekin edo jipoiekin, eta batzuen batzuei arrasto nabarmenak utzi dizkiete betiko. Mikel Ayensa, Txuma Olabarri, Juantxo Molina eta Cesar Perez dira horietako batzuk. 1993. urtean Txuma Olabarriri pilota kolpe bat eman zioten bertatik bertara Iruñean izandako istilu batzuetan. Bizirik irtetea lortu zuen, baina koman egon zen egunengatik eta ebakuntzagatik betiko kalteak ditu garunean.

Zigorgabetasuna

Amaiera bera izan dute auzitegietan jarri diren salaketa gehienek. Nabarmentzekoa da Jabal Bober Dimako gaztearen kasua. Donostian, 2007ko irailaren 10ean, Kontxako estropada egunean amnistiaren aldeko manifestazio bati oldartu zitzaion Ertzaintza. Gomazko pilota baten ondorioz, aurpegi haustura izan zuen Boberrek. Gertatutakoa hainbat komunikabidetan salatu zuen. Egun gutxira, Donostiako istiluetan «aktiboki» parte hartzea leporatuta inputatu zuten gaztea.

Salaketa gehienek artxibatuta amaitzen badute ere, badira salbuespenak. Horien artean dago«arma arin» gisa sailkatutako kezko poto batekin zauritutako Mikel Iribarren iruindarraren kasua. Aurrekaririk gabeko epai batean, Estrasburgoko Auzitegiak Espainiako Erresuma zigortu zuen.

1991n Espainiako polizia batek ke poto bat bota zion Mikel Iribarreni hurbil-hurbiletik, eta larri zauritu zuen. Lesio horregatik ondorio fisikoak izan ditu: 459 egun behar izan zituen osatzeko,eta %37ko elbarritasuna du. Iribarrenek 17 urte zituen orduan, eta urte hauek guztiak «gurutzebide» bat izan direla dio. «Nerabe bat baino ez nintzen orduan, eta errotik aldatu zidaten bizitza. Berriz ikasi behar izan nuen ibiltzen. Ebakuntza pilo bat egin dizkidate, eta epilepsia daukat ordutik». Auzitegietan bizi izandakoa ere ondo gogoan du. 1998an Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen Iribarrenek kalte-ordaina jaso behar zuela, baina 2003an Gorenak eta Konstituzionalak bertan behera utzi zuten neurria. «Kalte moral eta ekonomikoa oso handia izan da, baina ni bezala jipoituak izan diren milaka herritarri salaketa jartzeko gomendatzen diet».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.