Internet

Arraytxiki Laborategia, euskaraz sortutako web aplikazioen bilgune

Gaur aurkeztu dute egitasmoa Haritz Rodriguez eta Gorka Julio sustatzaileek. Web laborategiaz gain, =iPublikatu.com=i iragarki zerbitzua ere sortu dute.

2008ko azaroaren 5a
16:50
Entzun
Gaur aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Arraytxiki Web Laborategia izeneko egitasmo berria eta bertatik jaiotako Publikatu.com iragarki zerbitzua. Laborategiko arduradun Gorka Juliok eta Haritz Rodriguezek eman dituzte azalpenak prentsaurrekoan.

Juliok agertu duenez, Arraytxiki Web Laborategia orain arte pertsona ezberdinek interneten, eta nagusiki euskaraz, sortu dituzten web aplikazioen bilgune izateko bokazioarekin jaio da. Izan ere, Juliok eta Rodriguezek hainbat webgune ezagun sareratu dituzte azken urteotan, besteak beste, bideoak partekatzeko Euskaltube.com, lastermarkak gordetzeko Bildu.net, euskarazko albisteak bilatzeko Zerberri.com baita Txioka.net izeneko sare soziala.

Aurrerantzean, egitasmo horien guztien garapena eta mantentzea bere gain hartuko du Arraytxiki Web Laborategiak, eta hemendik aurrera sortuko diren proiektu berriak ere laborategi horren baitan garatuko dituzte elkarlanean. Gainera, laborategitik irtetzen diren egitasmoen arteko trakzioa indartzea ere du helburu, haien erabilpena sustatuz.

Laborategiak, bestalde, parte hartzeko tresnak ere jarriko ditu behar dituenaren eskura. Arraytxiki.com izeneko webgunean esperientziak eta jakituria partekatzeaz gain, “egitasmo hau ostatu hartuta dagoen zerbitzarian badago beste batzuentzako tokia ere, eta toki hori jendeak esperimentuak egin ditzan erabiltzea nahi dugu”, esan du Juliok. Akuariuma izeneko atalaren bitartez, Arraytxiki Web Laborategiak webgune berrien sorkuntza sustatu nahi du eta, horretarako, laborategian jasotako ideiak aztertu ondoren doako ostalaritza eskainiko zaie egitasmoak garatu nahi dituzten norbanako edo elkarteei, inolako konpromisorik gabe.

Gorka Juliok adierazi duenaren arabera, hala ere, Arraytxiki Web Laborategiak mundu birtualean ez ezik mundu fisikoan ere indartu nahi du pertsona berritzaileen arteko harremana. Helburu horrekin antolatuko dituzte hilabetero =iBlogs&Beers bilkuren antzerakoa izan nahi duten Fish&Txips=i topaketak.

Arraytxiki Web Laborategiaren topagune nagusia, hala ere, blog moduan sortu duten webgunea izango da. Bertan egongo da laborategiaren inguruko informazio guztia, hala nola, Arraytxiki Sarea, Akuariuma eta bestelako albisteak. Gainera, harremanetarako bide nagusi bilakatzea espero dute arduradunek.

Publikatu.co, Interneterako publizitate zerbitzua

Haritz Rodriguezek, bere adetik, laborategitik atera berri den lehenengo egitasmoaren xehetasunak eman ditu. Publikatu.com du izena eta, funtsean, interneten publizitatea zerbitzatzeko sistema aurreratua da. Rodriguezen esanetan, Arraytxiki.com eta Publikatu.com egitasmo senideak dira, proiektu berberaren bi oinak. Gaineratu duenez, bata ez litzateke posible izango bestea gabe, eta alderantziz. Publikatu, beraz, Arraytxikiren finantzaketa sistema da nagusiki.

Arduradunaren aburuz, “euskaraz dauden webguneentzat, maiz, oso zaila da publizitatearen merkatuan txoko bat egitea. Askotan, iragarleentzako, alegia, iragarkiak kontratatzen dituztenentzako, ez dira erakargatrri ustez bisita kopuru gutxi dutelako”. Horregatik, eta Arraytxikiren indar metaketaren filosofiari jarraituz, Publikatu.com-ek iragarkiak hainbat webgunetan banatzeko aukera ahalbidetuko du. “Guztien trafikoa batuta, iragarkien merkatuan erakargarri bilakatuko den eskaintza izango dela uste baitugu”, esan du aurkezpenean. Arraytxikik, beraz, publizitate hori zentralizatu eta erakusleiho sare zabal batean banatuko du.

Mementuz, Publikatu.com zerbitzuak iragarkiak hilabetero 100.000 aldiz erakusteko gaitasuna duela esan du Rodriguezek. Izan ere, dagoeneko Euskaltube.com, Txioka.net, Bildu.net, Zeberri.com eta Zabaldu.com webguneetan jarriko ditu ikusgai iragarkiak. Azken hau, azpimarratu duenez, euskarazko hedabideen artean webgunerik bisitatuenetakoa da. Zerbitzua abian jarri dutela ospatzeko, eskatzen duten lehenengo 50 entitateei 2.000 inpresio oparituko dizkiete, gainera.

Baina publikaturen zerbitzua ez da hor amaitzen. Izan ere, erakusleiho hori handitzea da zerbitzuaren helburua orain, sareak ahalik eta bisitari kopuru handiena izan dezan eta iragarleentzako gero eta erakargarriagoa suertatu dadin. Horregatik, Publikatu.com zerbitzuari kontratatzen zaion publizitatea beste webgune batzuetan ikusgai egoteko aukera zabalduko du zerbitzuak. Alegia, hirugarren webguneei ere eskainiko dieteiragarkiak atari horietan ikusgai jartzeko aukera, ondoren irabaziak partekatzeko.

Arraytxikiren helburua webgune ezberdinen arteko trakzioa eta erabilpena sustatzea denez, erakusleiho sareko kide bilakatzen diren webguneek beren publizitatea ezarri eta kudeatzeko gaitasuna izango dute. Alegia, kanpoko publizitatea erakusteaz gain, erakusleiho sareko kide diren webguneen bannerrak ere egongo dira bueltaka Publikatu zerbitzuaren bitartez. Beraz, lankidetza formula hau beste webguneentzako erakargarri izatea espero dute, batetik, dirua irabazteko aukera eskainiko dielako eta, bestetik, beren webgunea sare horretan sustatzea ahalbidetuko duelako.

Amaitzeko, Publikatu.com zerbitzuak ere bere webgune propioa duela gogorarazi du Rodriguezek. Atari honen bitartez, nahi duenak “publizitate tarifa lehiakorrak” ikus ditzake eta interesgarriak iruditzen bazaizkio harreman formularioaren bitartez administrazioarekin kontaktuan jar daiteke. Erakusleiho sarea handitzen joan ahala, webgunean egongo da zerrendatua, halaber. Eta, azkenik, bezeroek nahiz erakusleiho lanak egiten dituzten lankideek publizitate kanpaina guztien gaineko kontrola izango dute, erabiltzaile izen eta pasahitza emango baitzaie kudeaketa sistemako sarbidea izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.