Tronpeta hotsa entzun daiteke Faisaien Uhartetik. Gris dago zerua, eta euria ari du, baina ez dute eten eskumen aldaketarako militarrek egin ohi duten ekitaldiaren entsegua. Uhartea Bidasoa ibaian dago, Hendaia (Lapurdi) eta Irunen (Gipuzkoa) artean. Urte erdia Frantziako Estatuaren jurisdikzioaren pean dago, eta beste urte erdia, berriz, Espainiakoarenean. Atzoko egunez egin zen esku aldatzea. Irlaren ertz batean egin du hitzordua, hain zuzen ere, BERRIAk Gari Garaialderekin (Hondarribia, 1972) eta Oihana Galardirekin (Irun, 1980). Lehena fotokazetaria da, eta bigarrena, Irungo Harrera Sareko kidea.
Batak zein besteak ezagutzen dute irla; bertan hasten da Asier Urbietaren Faisaien irla (2025) pelikula. «Pizgarri» izan da Galardirentzat, migrazio krisiarekin lotuta Bidasoaren bi ertzetan gertatzen denari buruz hitz egin delako berriro ere, eta ikusgarritasuna eman diolako auziari. Gaur-gaurko gaiari heltzen diola uste dute; izan ere, iruditzen zaie «zirimiria» balitz bezala sartu dela arrazakeria Irunen. Urbieta ez da lehena, beste hainbat sortzaile ere gerturatu ziren aurretik Bidasoko ibaiertzera. «Konturatu ginen Irunen bai, baina Irundik kanpo jendeak ez duela gaiaren berri. Horrelako proiektuek beste batzuengana iristea lortzen dute», gehitu du Garaialdek.
Migratzaileek zubia gurutzatzea lortzen dute. Hori da pelikularen eszenetako bat. Horrek, ordea, ez du errealitatearekin bat egiten elkarrizketatuen ustez. «Zubia gurutzatzeak ez du esan nahi bidea bukatu denik», esan du Galardik. Ados dago Garaialde: «Baliteke Bordeleraino iristea, baina Poliziak edonoiz bota ditzake atzera. Bidaia ez da amaitzen pelikularen bukaeran agertzen den tunel horretan. Arazoa ez da zubia gurutzatzea, bestelako bizimodu bati ekitea baizik».
«Zubia gurutzatzeak ez du esan nahi [migratzaileen] bidea bukatu denik»
OIHANA GALARDIIruneko Harrera Sareko kidea
Etorkinek helmugan topatzen dituzten politika migratzaileen legeak eta zama psikologikoa dira horretarako oztopoetako bi. «Lege horiek duintasuna kentzen diete beste jatorri bateko pertsonei, eta deshumanizatu egiten dituzte erabat», azaldu du Harrera Sareko kideak. «Psikologikoki oso latza da bidean jasan behar izaten dutena: preso hartu ditzakete, lagunak galdu eta abar», nabarmendu du argazkilariak.
Oldarraldi erreakzionarioa Irunen
Hirian bertan bizi diren migratzaileek jasotzen duten mespretxua eta mesfidantza nabarmendu dituzte. «Iritsi da Europan migratzaileen aurka orokortu den jarrera arrazista eta faxista. Uste nuen Irunen noizbehinkakoa zela, baina ez. Kezkagarria iruditzen zait pelikulak egin dezakeen onari jarrera horiek gailentzeak», esan du kezkati argazkilariak. «Kontua da, orain, oldarraldi faxista dela eta, jendeak ez duela lotsarik esateko gorroto duela hona [Irunera] iritsi eta muga gurutzatzen duen jendea», gehitu du Galardik.
«Irunera iritsi da Europan migratzaileen aurka orokortu den jarrera arrazista eta faxista»
GARI GARAIALDEFotokazetaria
Beraien burua herritarren patruila izenez identifikatzen duten Iruneko talde sortu berriez ari dira. Sare sozialetan eman zuten taldearen berri, eta kalean ibiltzen dira. Diotenez, «kalean seguru sentitu nahi dute». Arrazakeriaren kontra diharduten taldeak kezkatuta daude mezu horiekin, eta iragan astean elkarretaratze jendetsu bat egin zuten. Ez Garaialdek ez Galardik ez dute bat egiten patruila gisa identifikatzen diren talde horien ekintzekin. «Arraza ezberdinetakoak direnen aurka egiten dute. Arriskutsuak dira, egiten duten jardunagatik baino gehiago, zabaltzen dituzten mezuak [migratzaileak arriskutsuak direla] inkontzienteki barneratzen ditugulako», adierazi du Garaialdek. «Mezuak pixkanaka barneratzen dira, barru-barruraino sartu arte, zirimiria bezala. Ez dira mesedegarriak. Ikusi dugu antzeko taldeak sortu diren herrietan beldurra eragiten dietela populazioaren zati bati», gehitu du Galardik.
Beldurrari aurre egiteko, bizikidetza
Beldurra aipatu du Harrera Sareko kideak. «Beldurra izatea zilegi da, baina hauspotzen den zerbait izan daiteke era berean. Zenbat eta beldurtiago izan, bizikidetza orduan eta okerragoa izango da». Argazkilariak gehitu du beldur hori seguru sentitzearekin lotzea ez dela bidea, arrazoia ematen baitie horrelako taldeei.
Bizikidetza da gakoa bientzat. «Politika publikoek bizikidetza izan beharko lukete ardatz. Aniztasunaren lanketa bat da, eraikitzen dena heziketaren eta kontzientzia izatearen bitartez. Horrela izango dugu gizarte demokratiko sano bat», azaldu du Galardik. Hori lortzeko bazterrean bizi direnei aukera bat eman behar zaiela defendatu du Garaialdek: «Komodina dira. Delituen errua botatzen diegu, erantzukizuna guk hartu beharrean. Eman diezazkiegun baliabideak bizitza duin bat izateko».