Jaurlaritzaren diru laguntzak

Arregi: "Irismen irizpide horietan oinarritzen den politikak ez du nahikoa babesten BERRIA"

BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak Jaurlaritzak atzo ateratako oharrari erantzun dio, eta azpimarratu du proportzioan beste inork baino finantzaketa publiko txikiagoa duela BERRIAk; Jaurlaritzaren laguntza BERRIAren aurrekontu osoaren %15 dela berretsi du.

Iban Arregi, joan den uztailean, Udako Euskal Unibertsitatean. JON URBE, ARGAZKI PRESS
2014ko urriaren 22a
07:23
Entzun

Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak Eusko Jaurlaritzak atzo jasotako kritiken inguruan atera zuen oharrari erantzun dio gaur eguerdian, "hedabideentzat emandako laguntzak justifikatzeko erabili duen argumentuekin sor dezakeen nahasmena argitu nahian". Arregik, astearteko egunkarian argitaratutako iritzian azaldu zituen argudioetatik abiatuz, lau puntutan xehatu du erantzuna.

Arregik agerian utzi du oharrean Jaurlaritzak irizpide aldaketa alde bakarretik egin duela, eta ez duela sektorearekin adostu. "BERRIAk eta haren ordezkariok, aurrez aurre eta idatziz, esan duguna da batik bat irismen irizpide horietan oinarritzen den laguntza politika horrek ez diola babes nahikorik ematen ez BERRIAri eta ezta euskal hedabideen sektoreari ere. Behin eta berriro esango dugu: ezinbestekoa iruditzen zaigu irizpideak sektorearekin adostea, sektore guztiaren babesa eta garapena xede moduan jarrita".

Irismena ez da neurgailu egokia BERRIArentzat

Diru laguntzak ematerakoan Jaurlaritzaren irizpidea ez dela eraginkortasuna izan zehaztu du Arregik, Jaurlaritzak oharrean hala iradoki arren, irismena baizik, eta bi kontzeptu horiek bereizi egiten ditu, "eraginkortasuna zerbait zabalagoa delako". Gaineratu du BERRIA Taldeak hasieratik agertu zuela irismenarekiko kezka, eta azpimarratu du aurtengo irizpide aldaketa ez duela Jaurlaritzak sektorearekin adostu.

"Tratamendu bera eman die [Jaurlaritzak] egunkari nazional bati eta herri bateko aldizkari bati, mila aldiz esan izan dugun arren horrek ez duela ez bururik eta ez hankarik. Hilean behin herri euskaldun bateko buzoian doan jasotzen den aldizkari bat askoz ere errazago kontsumi daitekeelako egunean 1,30 euro balio duen egunkari bat baino. Baina galdera da: herri honek behar du egunkari nazionala?", dio oharrean.

Laguntza, BERRIA Taldearen aurrekontu osoaren %15

Hirugarren puntuan, BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak Jaurlaritzak emandako datu bat zuzendu du. Jaurlaritzak oharrean zioen BERRIAren kasuan aurrekontu osoaren %21,38 ordaintzen duela. Arregik, ordea, zuzendu egin du, eta esan du hori ez dela horrela. "Eusko Jaurlaritzak ez dizkio laguntzak enpresaren jarduerari ematen, produktu jakin baten aurrekontuari baizik; horregatik, BERRIA paperean egiteak duen aurrekontuaren %21 da laguntza, eta BERRIAren aurrekontu osoaren %15 baino ez". Datu hori argitaratu zuen BERRIAk atzoko azalean.

Arregik adierazi du, gainera, BERRIAk Jaurlaritzarengandik soilik jasotzen duela laguntza, "euskal hedabide ezberdinek ez bezala". Nabarmendu du hori ez dela BERRIAren erabakia izan, nahiz eta zentzuzkotzat jo. "Horregatik, diskriminazioa ez zaigu hain positiboa iruditzen, BERRIAk beste inork baino finantzaketa publiko txikiagoa duelako proportzioan, alde handiarekin. Eta Eusko Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki hori, autofinantzaketa puntuatzerakoan BERRIAri 20 puntutik 19,12 eman baitizkio hark berak".

Aurrekontu jaitsiera, langileen kontura neurri handi batean

Arregik garbi utzi du, gainera, BERRIAk gutxienez iazko diru kopuru bera jasotzeko baldintzak "soberan" betetzen dituela: defizita nahikoa izatea batetik, eta bere aurrekontua deialdian ezartzen diren "kostu estandarretan" sartzea, bigarrenik. Ondorioz, aurrekontua jaitsi beharra izateak ez duela justifikatzen diru laguntza ere jaistea. "BERRIA ere, zoritxarrez, urtetik urtera aurrekontua jaisten ari da, baina horrek ez du justifikatzen 208.217 euroko laguntza jaitsiera, eta Jaurlaritzak badaki hori".

Gaineratu du Arregik aurrekontua %7 jaitsi duela aurten BERRIA Taldeak, baina neurri handi batean langileen kontura egin dela, produktuaren kalitatea mantenduta ez ezik hobetuta eta iaz baino egunkari gehiago salduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.