Arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua dutenen artan gabeziak daudela salatu dute

Eusarghik bi eskaera egin dizkie osasun arduradunei: nahasmendu hori dutenek arreta goiztiarra eta prebentiboa jasotzea eta nahasmendu kronikoa dela aitortzea.

Haur batzuk ikasgelan, artxiboko irudi batean. JAZKI FONTANEDA / FOKU
Haur batzuk ikasgelan, artxiboko irudi batean. JAZKI FONTANEDA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2025eko urriaren 27a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arreta gabeziaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua kronikoa dela aitortzea, eta nahasmendu hori duten pertsonei arreta goiztiarra eskaintzea. Eskera horiek egin ditu gaur Eusarghi Euskal Autonomia Erkidegoko arreta gabeziaren eta hiperaktibitatearen federazioak. Izan ere, nahasmendu horren eguna da gaur, eta federazioak urriaren 28a baliatu du pertsona horien arretan gabeziak daudela salatzeko; finean, osasun sistema publiko eta jarraitua eskatu dute, etorkizuneko «arriskuak» ekiditeko.

Eusarghik egungo egoera zein den azaldu du: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin komunikaziorako bide bat irekitzea lortu dute, baina, salatu dutenez, nahasmendu hori dutenek oraindik ere ez dute «arreta publiko eraginkorrik». Gipuzkoako egoera are larriagoa dela salatu dute: «Nahasmenduaren larritasuna eraginkortasunez ebaluatzeko gabezia asko ikusten dira profesional batzuen artean, batez ere Gipuzkoako osasun zentroetan». Eta gaineratu dute maiz nahasmenduaren existentzia bera ukatzen dietela, eta antsietate edo depresio moduan tratatu.

«Osasun mental publikoa ezin da familiaren posta kodearen edo erosteko ahalmenaren araberakoa izan»

Eusarghi elkartea

Eusarghik ohartarazi du arreta goiztiarra eta jarraitua jaso ezean haurren sintomak larritu egiten direla, eta horrek arriskuak ugaritzen dituela helduarorako: «Gazte ugari muturreko egoeratara iristen dira, inork ez zielako lehen zantzuei arretarik jarri». «Ez dugu pribilegiorik eskatzen: justizia eskatzen dugu. Osasun mental publikoa ezin da familiaren posta kodearen edo erosteko ahalmenaren araberakoa izan», salatu dute.

Hori ikusirik, bi eskaera egin dituzte: «Arreta goiztiarra eta prebentiboa ematea Osakidetzan», eta «nahasmendua kronikoa dela aitortzea, eta bizitza osoan osasun laguntza izango duela bermatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.