Proiektuka lan egitea, digitalizazioa... Badago kezka bat hezkuntzako zenbait profesionalen artean: berrikuntza ez ote den gurtzen berria izate hutsagatik. Horren inguruko udako ikastaro bat egin zuen UEU Udako Euskal Unibertsitateak uztailaren hasieran: Berrikuntza pedagogikoari buruzko hausnarketa kritikoa. Jon Bustillo EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak (Bilbo, 1966) Biraketa emozionala, infantilizazioa eta edutaiment izenekoa hitzaldia eman du.
Biraketa emozionalaz aritu zara hizketan. Zer esan nahi du?
Ez du esanahi bakarra. Oso orokorrean hitz eginda, irakaskuntzan sumatzen ari den joera bat da: arreta handiagoa jartzen ari gara gure ikasleen emozioei, jakintzari baino. Ez dut esan nahi emoziorik gabe bizi behar dugula —zentzugabekeria bat izango izango litzateke—, baizik eta, agian, biraketa emozionala dela medio, jakintzaz husten ari garela, eta ikasleak emozioak kudeatzeko, ulertzeko eta horiekin bizitzeko baliabide gutxiagorekin uzten. Jakintzaren bitartez, gauzak ulertzen ditugu: besteak beste, emozioak zergatik dauden, noiz diren lagungarriak eta noiz ez...
Beraz, emozioak edukien aurretik jartzearen alde egin al du eskolak aspalditxoan?
Badago joera emozioei lehentasuna emateko. Eta gizarte baten ardatz nagusiak norberaren emozioak baldin badira, ez dago elkar ulertzerik, eta bai demokrazian bizitzea bai elkarbizitza egotea oso zaila da, ezinezkoa.
Indibidualismoa sustatzen baitu horrek.
Erabat, erabat. Etengabe norberaren zilborrari begiratzea da, eta mundua gure sentimenduen arabera ebaluatzea.
Eta ikasleek beti beren zoriontasuna izatea xede, agian, albokoari hainbeste erreparatu gabe?
Bai, oso kontzeptu indibiduala da. Buelta eman zaio Maslowen piramideari: orain, zoriontsua izatea da lehenengo puntua, gauza guztien gainetik; oso ikuspegi indibiduala du, eta horrek ekarri du zoriontasunaren inguruan merkatu erraldoi bat egotea: produktu, proposamen... asko daude norbera zoriontsu izateko.
«[Ikasleak] atzean ez geratzeko, baliabide gehiago jarri behar dira; ez daudenean, notak igotzea da errazena»
Edutaiment deiturikoa ere izan duzu hizpide. Zer da?
Edutaiment kontzeptua Walt Disneyk asmatu zuen. Ikus-entzunezko produktuak salgarriago egiteko, hezkuntza kutsua eman zien; ez dakit entretenitzea eta ikastea zenbateraino diren bateragarriak. Hau esanda, ematen du aspergarriak izan behar dugula ikasteko; kontua ez da hori: dikotomia hori faltsua da. Baina, gure eginbeharra ikasleak entretenitzea baldin bada, ez gabiltza irakasten. Gainera, eskola dibertitzeko gune bihurtzen bada, galduan aterako gara, zeren askoz dibertigarriagoak dira telebista edo beste baliabide askoz merkeagoa batzuk. Haurrak entretenitzen ari bazara etengabe, entretenimendua bukatu egiten da; ezin zara ibili etengabe entretenitzen. Baina jakintza, aldiz, ez da agortzen. Egun, motibazioa entretenimenduarekin lotzen da; uste dut lotura hori ez dela zuzena. Normalean, motibatuagoak egoten gara ikas-egoera batean, ez dakizkigun gauzak ulertzen ditugunean.
Zer ondorio ditu edutaiment delakoak?
Ez diegu mesederik egiten, batez ere, hezkuntza gehien behar duten haurrei. Bizitza konponduta badaukazu hasieratik, ulergarria izan daiteke eskolara ondo pasatzera joatea, baina ikasle batzuek ez dute eskolaz bestelako aukerarik.
Azkenaldian ebaluazioa ere aldatu da, eta orain, azterketak jarri ordez, bestelako proba batzuen alde egiten da. Nola egin beharko litzateke hori?
Oinarrizko galdera bat: ikasleak sailkatu behar al ditugu? Notaren kontua, azkenean, sailkapen bat da. Jendea sailkatzen dugunean, normalean, bakoitzak bere rola hartzen du, eta rol horrek iraun egiten du, oso zaila da puskatzea. Beraz, ebaluazioaren kontuak arrisku hori badauka. Dena den, hezkuntzarako baliabide moduan hartuta, ebaluazioa oso garrantzitsua da. Autoebaluazioa ez da bultzatzen, baina autoebaluazioak ez du izan behar azaltzea nola sentitzen naizen, baizik eta nork bere buruari azterketa bat egitea eta etengabe ebaluatzea, jakiteko zenbateko jakintza duzun. Dinamika hori askoz interesgarriagoa da.
Eta, zoriontasunaren izenean, ba al dago joerarik notak igotzeko?
Zalantzarik gabe. Gurasoen presioa hor dago: gainditu behar dute, nahi eta nahi ez, eta ezin dira atzean geratu. Atzean ez geratzeko, normalean, baliabide gehiago jarri behar dira, eta, baliabiderik ez dagoenean, notak igotzea da errazena. Laguntza behar duen ikasle bati ikasgaia gaindituz gero, laguntza eskatzeak zentzu gutxiago izango du. Beraz, iruzur egiten ari gara haur horri, zeren uste izango du berak badakiela, baina, halako batean, daukan jakintza ez da nahikoa izango. Gainera, eskoletan baztertu egiten da frustrazioa. Horrekin ez dut esan nahi haurrak egunero frustratu behar ditugunik, baina eskola bizitza ideal eta magiko baten txokoa bihurtzeak ez die laguntzen batez ere eskolaren behar handiena dutenei.