Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak aitortu du AHTaren epeak ez zeudela ondo kalkulatuta eta arduradun politikoek «bihotzarekin» ematen zituztela, «haiek burutzeko aukera errealen arabera baino gehiago». Forum Europako hitzaldi batean nabarmendu duenez, orain «bultzada handia» eman nahi dio AHTari, «funtsezko proiektua» iruditzen zaiolako. Uste du bukatuta egongo dela 2026aren amaierarako edo 2027aren hasierarako.
Maiatzaren 10era begira jarrita dago Arriola. Azaldu duenez, bilera bat egingo dute Madrilen, proiektuaren epeak zehazteko eta Bilboko eta Gasteizko zatiaz aritzeko. AHTrekin batera, Bilboko eta Gasteizko tranbia sarea eta Donostiako metroa ere bultzatu nahi ditu Arriolak. Gainera, ziurtatu duenez, Mugikortasun Jasangarriaren Legea datorren urteko lehen hiruhilekorako egingo dute.
Prezioak arautzearen aurka
Hizpide izan du etxebizitzaren gaia ere. Arriolaren irudiko, baliteke alokairuen prezioak legez arautzeak —hala egin nahi du Espainiako Gobernua prestatzen ari den etxebizitza legeak— eskaintza murriztea eragitea. Haren esanetan, alokairuaren prezioa jaisteko ez dago «mirarizko konponbiderik», eta beste irtenbide batzuk proposatu ditu: besteak beste, zergak arintzea etxearen alokairuaren prezioa batezbestekoaren azpitik jartzen duten jabeei.
Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiari buruz ere aritu da. Iruditzen zaio zabortegia kudeatzen zuen enpresaren ardura izan zela, eta Eusko Jaurlaritzak egindako lana goraipatu du: «Eusko Jaurlaritzak bere esku zegoen guztia egin zuen, Zaldibarko hondamendiak hasieran eragin zituen ingurumen kalteak baino gehiago eragin ez zitzan». Desagertuta dago oraindik Joaquin Beltran langilea, eta, haren bilaketa lanei dagokienez, esan du hura aurkitzea lortu ez izana ez dela izango Eusko Jaurlaritzak horretarako «baliabide guztiak eta bere esku zegoen guztia» jarri ez duelako. Esan du hura aurkitu arte lanean jarraituko dutela.