Gizartea

Arriolak alokairua lehenetsi nahi du etxebizitza politika publikoetan

Hamar urtean alokairu eskaintza publikoa egungoaren halako bi izateko asmoa agertu du Ingurumen eta Etxebizitza sailburuak, legegintzaldirako asmoen berri ematean. Bestetik, Klima Aldaketa eta Natur Babeseko Lege Orokorra onartzeko nahia adierazi du.

Iñaki Arriola, elkarrizketa batean. JOSE RAMON GOMEZ, EFE
Jon Rejado.
2017ko urtarrilaren 30a
16:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan izango duen erronka nagusietako bat EAEko Etxebizitza Legea ezartzea da. Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburuak hori egiteko hartuko dituzten erabakien berri eman du Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean. Legea garatzeko eta betetzeko bi lan ildo nagusi iragarri ditu, nagusiki: etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzea eta alokairu soziala sustatzea.

Arriolak gogorarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18.000 familia inguruk izango dutela etxebizitzarako eskubide subjektiboa, 2025. urtera bitartean. Ordea, aitortu du egungo etxebizitza parkeak ez duela behar hori asebetetzeko adina etxe alokairuan. Hortaz, hamar urtean alokairu eskaintza publikoa egungoaren halako bi izateko asmoa jakinarazi du.

Ingurumenari dagokionez, Arriolak iragarri du egungo araudia “uztartu eta gaurkotzeko” tresna bat abiaraziko dutela: Ingurumen Klima Aldaketa eta Natur Babeseko Lege Orokorra. Lege horretan txertatuko dituzte berotegi efektua eragiten duten gas isuriak urritu eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko neurri berriak, Arriolak azaldutakoaren arabera.

Bestetik, ekonomia zirkularra sustatzeko asmoaren berri eman du Eusko Legebiltzarrean. “Zabor eta hondakin kontzeptuak desagerrarazi, eta baliabidetzat hartuak izan daitezen lan egingo dugu”. Hori sustatzeko “zerga sistema berdea” abiarazteko proposamenak egingo dituzte, hiru aldundiekin lankidetzan.

Azkenik, lurralde antolaketan aurreko legegintzaldian abiarazitako ildotik lan egingo dutela gaineratu du. Lurraldea antolatzeko gidalerroak gaurkotzeko prozesua mantenduko du, baita bestelako lurralde planak “berrikusteko eta egokitzeko” bigarren fasea abiarazi ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA