Txertaketa aurrera doa, eta gero eta herritar talde gehiagorengana iristen ari da txertoa. Asteburu honetatik aurrera, arrisku handiko kolektiboen txanda izango da Hego Euskal Herrian; hala iragarri dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
Gainera, Osakidetzak beste adin tarte batera ere zabalduko du txertoa hartzen hasiko direnen zerrenda: 70 eta 79 urte artekoak txertatzen hasiko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osasun Sailak ziurtatu dutenez, 80 urtetik gorakoek igandea baino lehen hartuko dute txertoa, eta txertoa etxean hartu behar duten adin horretako «batzuk» soilik geratuko dira txertatu gabe. Espero dute datorren astean amaituko dutela haiek txertatzen.
Osakidetzak azaldu duenez, Pfizerren 70.000 dosi jaso izanak txertaketa azkartzeko aukera eman du. Horregatik erabaki dute beste bi taldetako herritarrei txertoa jartzen hastea. Alde batetik, arrisku handikoekin hasiko dira; hain zuzen, larunbatean eta igandean txertoa jarriko diete peritoneo dialisian dauden edo transplantea izan duten herritar guztiei, haien adina edozein izanda ere. Hemodialisian daudenei, berriz, datorren astetik aurrera jarriko diete txertoa, Osakidetzako hemodialisi unitatean. Beste alde batetik, Osakidetzak 80 urtetik gorakoak txertatzeari lehentasuna emango badio ere, 70 eta 79 urte artekoen txertaketari ere ekingo dio asteburu honetan, «erabilgarri geratzen diren txertoen arabera». Helduenekin hasiko dira; hots, 1942an eta 1943an jaiotakoekin.
Nafarroako txertaketei dagokienez, foru gobernuak azaldu du arrisku handia duten 5.000 pertsona inguru deituko dituztela COVID-19aren kontrako txertoa jartzera. Zehazki, hauek dira lehenetsiko dituzten taldeak: hemodialisi pazienteak, tratamendu onkologikoak edo transplanteak egin dizkieten gaixoak, eta Downen sindromea dutenak. Bestalde, Osasunbideak 70 eta 79 urte artekoen txertaketa kanpainarekin segituko du datorren astean, baita 60-69 urte bitartekoekin ere.
Osakidetzan txanda eskatzeko, SMSa
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orain arte, 80 urtetik gorakoei telefono bidez jakinarazi diete ordua, baina, azaldu dutenez, igandea baino lehen deirik jaso ezean, astelehenetik aurrera euren osasun zentrora deitu beharko dute, eta han hartu ahal izango dute txanda.
Orain txertatzen hasiko direnen kasuan, berriz, ez diete telefono dei baten bidez jakinaraziko ordua: Osakidetzak SMS bat bidaliko die, eta webgune bidezko txandaren zerbitzura sartzeko lotura izango dute bertan. Osasun Txartel Indibidualeko (OTI) zenbakia sartu beharko dute, baita lehen abizena eta jaiotze data ere, eta txertoa jartzeko ordua eta lekua jakinaraziko zaizkie zuzenean. Halere, pertsona batzuekin telefonoz ere jar daitezke harremanetan, «agendan hutsuneak bete behar badira».