Arriskua badela uste dutenean, andrea Poliziak babestuko du

Genero indarkeria jasan duten emakumeek kontrazaintza izango dutela berri eman du Aresek; arriskutsuen jotakoei ezarriko dieteErtzaintzako bizkartzain taldeak hartuko du lana; ETAk mehatxatuak ere babestuko ditu

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Aztertzen ari zirela jakinarazi zuten aste hasieran, eta sailburuak jakinarazi du erabakia: bikotekideek edo bikotekide izandakoek erasotzeko arriskuan dauden andreak zaintzen hasiko da Ertzaintzako bizkartzain taldea. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak jakinarazi du 150 bat ertzain jarriko dituztela zeregin horretan, eta, beharra badago, beste nonbaitetik ere aterako dituztela zaintzaileak, baita enpresa pribatuetakoak ere. Bizkartzain izaera ez dute izango, ordea, andreak babesten jarriko dituzten ertzainek: kontrazaintza egingo dute, emakumearen inguruan gorabeherarik ez dela egiaztatu.

ETAren su-etenagatik hautetsien mehatxua desagertzearen ondorioz, bizkartzainen antolaketa aldatu egingo dute gaurtik aurrera. Hala, gaur egun karguak dituzten PPko eta PSE-EEko udal hautetsiek eskolta bakarra izango dute aurrerantzean, orain arteko biren tokian; gainera, hautetsi izan ez eta hala ere bizkartzaina bazutenei kendu egingo diete, salbuespen batzuekin bada ere. Horrek esan nahi du beste jardun batzuetan aritzeko moduan geratu direla Ertzaintzaren bizkartzain taldean aritzen direnak.

Orain arte gutxi dira Poliziaren babes zuzena jaso duten emakumeak; Aresek emandako datuen arabera, 52 andrek dute eskolta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —urte hasieran 19k zeukaten—.

Guztiei eskolta ez die jarriko Herrizaingo Sailak: bizkartzainak lan horretan jarri bai, baina eskolta lana egin gabe. Aresek nabarmendu du bi zereginak egin ahalko dituztela modu horretara: arriskuan egon daitezkeen andreak babestu, eta ETAren mehatxuagatik eskolta izan dutenei ere nolabaiteko zaintza bermatu. «Helburua da ertzain horiek eraginkortasun handienez ematea babesa behar dutenei, izan terrorismoaren edo indarkeria matxistaren biktimak», esan du Aresek.

Babes neurriak, ezbaian

Modu horretara, sailburuak adierazi nahi izan du eskolta kendu dieten hautetsiek izango dutela aurrerantzean ere babesa, eta andreek ere bai : «Beharrezko jotzen den arte izango dute babesa lehenago ere bazutenek, eta, behar den unean, beste zerbitzu batzuek ere hartuko dute zeregin hori». Eskolten zerbitzua berriro antolatzeko egindako gogoetatik sortutako ideia dela eman du aditzera Aresek: «Indartu egin nahi ditugu kontrazaintzak; ETAk mehatxatutakoak zainduko ditugu, eta, aldi berean, genero indarkeria jasaten duten pertsonen kontrazaintza egingo dute poliziek».

Andreen segurtasuna auzitan jarri ondorengo asteetan hartu du erabakia Jaurlaritzak: Bilbon eta Hernanin izandako azken hilketetan, andreek salatuak zituzten bikotekide ohiak, baina, hala ere, lortu zuten haiek hiltzea; babes neurriak auzitan jarri zituzten emakumeen eskubideen aldeko elkarteek. Aresek, nolanahi ere, jakinarazi du ez dietela neurria andre guztiei ezarriko: arriskutsutzat jotako kasuetan jarriko dute —Bilboko andrearena, kasu, ez zuten hala jo poliziek—.

Mehatxurik ezagatik lanik gabe geratuko diren eskolta pribatuek eutsi egin diote eskaintzari: andreak zaintzeko prest dira. Clara Campoamor elkartearekin eta Emakunderekin biltzekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.