Arrizabalagak «asimilazioaren» arriskuaz ohartarazi du EAJren 131. urteurren ekitaldian

EAJk ekitaldia egin du Mutrikun bere 131. urteurrena ospatzeko, eta Euge Arrizabalaga GBBko presidenteak lehentasunen artean jarri du «Euskadi nazio gisa aitortzea», euskara sendotzea eta estatus berria lortzea.

Euge Arrizabalaga eta EAJko beste ordezkari batzuk gaur Mutrikun, alderdiaren urteurren ekitaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Euge Arrizabalaga eta EAJko beste ordezkari batzuk gaur Mutrikun, alderdiaren urteurren ekitaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
edurne begiristain
2026ko uztailaren 31
15:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk 131 urte bete ditu gaur, eta alderdiak urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du Mutrikun (Gipuzkoa). Han, Euge Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) presidenteak alderdiaren jatorria eta egungo erronkak lotu ditu bere hitzaldian. Haren esanetan, Sabino Aranak EAJ sortu zuen «asimilazioari aurre egiteko», eta 131 urte igarota, arrisku berari aurre egin behar dio. «Foruak indargabetu ondoren, Sabino Aranak argi zuen Euskadi zela euskal herritarren aberria, eta ideia horren defentsan sortu zuen alderdia», adierazi du. Arrizabalagaren arabera, EAJk sortu zeneko arrazoi berberek indarrean jarraitzen dute, eta horrek azaltzen du alderdiak oraindik bizirik irautea.

GBBko presidenteak ongi zehaztu ditu zeintzuk diren jeltzaleen lehentasunak gaur egun; hiru aipatu ditu: «Euskadi nazio gisa aitortzea», euskara indartzea eta autogobernuan sakontzea. Euskarari buruz, herriaren «bihotza» dela esan du, eta defendatu du hizkuntza sendotzea ezinbestekoa dela etorkizunari begira. Autogobernuari dagokionez, «estatus berri» baten alde egin du, Gernikako Estatutuarekin gertatutakoa berriro ez gertatzeko. Ildo horretan, Espainiako Gobernuari eta PSOEri eskatu die bete ditzala oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak, eta hitza bete dezatela.

Arrizabalagak EAJren ibilbidea ere goretsi du, eta esan alderdia beti egon dela «Euskadiren askatasunaren eta euskal herritarren eskubideen defentsan», gerra garaian, diktaduran, erbestean, baita indarkeria garaian ere. Haren iritziz, alderdiaren lidergoaren oinarria da herriari norabidea erakusteko gaitasuna duela: «Liderra izatea herria motibatzea da, etorkizunari begiratzea eta egia esatea».

Haren hitzetan, EAJren indargune nagusia zera da, herritarren asmoekin bat egiten duela. Hala, azpimarratu du belaunaldiz belaunaldi alderdiak «printzipio abertzaleak eta balio demokratiko eta humanistak» transmititu dituela, hala nola lana, konpromisoa, justizia soziala eta herri ikuspegia.

Gaurko ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Felix Azpiazu Mutrikuko EAJren udal batzarreko presidenteak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak eta EAJko hainbat ordezkarik.

Alderdi Eguna

EAJk irail osoan ospatuko du Alderdi Eguna —50. aldia izango du— , eta ospakizunak irailaren 27ko ekitaldi nagusian amaituko dituzte, Gasteizko Forondako zelaietan. Milaka alderdikide eta jarraitzaile biltzea espero dute jeltzaleek. Ohikoa denez, Aitor Esteban EBBko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak hitza hartuko dute han.

Aurten mende erdia bete da Alderdi Eguna lehen aldiz ospatu zenetik: 1977ko irailaren 25ean antolatu zuten, Aralarren, frankismoaren ondorengo lehen urteetan, eta Alderdia Bizi lelopean egingo dituzte irailean Alderdi Eguneko ekitaldiak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA