Pastor
Darwin eta gu

Arrosa, kolore susmagarria

2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dendako erakusleiho koloretsuari begira dago. Jostailuak argi eta garbi bereizita daude, ez dago inor nahasterik: alde batean, baloiak, autoak, hegazkinak, trenak ditugu; bestean, panpinak, sukaldetxoak, kolore arrosa... «Nik hori nahi dut, eta bestea, eta...», esan du haurrak. Amaren lagunak jostailu feminizatuak ageri diren tokirantz begiratu du. «Eta hortik ez duzu ezer nahi?». «Ez. Horiek neskentzat dira». «Baina ni neska naiz eta baloiak ere gustatzen zaizkit». Argudiorik gabe utzi du txikia. Haren amak hartu du hitza: «Eskolan ikasi du hori. Ume moroek jostailu horiek neskatoentzat direla esaten dute». Semeak 4 urte baino ez ditu. Oso ondo barneratua du jostailu, kolore bereizketa hori.

Jatorri magrebtarreko haurrena omen da errua. Hala eta guztiz ere, zertan ari gara gu? Umearen ama pentsaera horren kontra egiten ari da etxean, baina zenbat gurasok jardungo dute hark bezala? Non gure erantzukizuna ume horien jokaera ez ezik hemengo haur eta nagusiena ere zuzentzeko? Zergatik ukatu ume txiki bati sukaldetxo bat jolasteko? Eta kolore arrosa? Susmagarria delako? Zeren susmagarria?

Kulpa haur-eskolako magrebtarren bizkar uztea dugu errazena. Askoz kezkagarriagoa da halakoak unibertsitatean gertatzea, hemengo irakasleei entzutea. Ez dira 8 urte gertatu zela: ikasleak taldeka ari dira lanak erakusten. Horietako batean Raphael-en irudi bat dago, atzean kolore morea duela. Irakasleak, 60 urte inguruko gizonak: «Nork esan dizue Raphael homosexuala dela?». Begiak zabal-zabalik daude ikasleak, hari eta kantariaren irudiari so. Ez dute ezer ulertzen. «Bai, kolore morea ipini duzue atzean». Are harrituago gazteak. Zer ari da gizona? Irakaslearen errematea: «Inoiz ikusten baduzue gizon bat alkandora edo praka arrosa edo moreak dituena, ez jesarri haren ondoan. Susmagarria da. Gay da».

Susmagarria. Horixe. Sukaldetxoa edo kolore arrosa nahi duen mutikotxoa bezain arriskutsua. Etxean umeak eta nerabeak zuzen jokatzen irakatsi eta gero, unibertsitatera joan, eta halakoak aditu. Eskerrak adin nagusikoak diren, astakeriez jabetu eta baztertzeko gai.

Kulpa haur-eskolako magrebtarren bizkar uztea dugu errazena. Askoz kezkagarriagoa da halakoak unibertsitatean gertatzea, hemengo irakasleei entzutea

Antzinako ume, nerabe eta gazteei lan nekeza izan zaigu ikuspegi eta ahokada horiek zokoratzea. Maritxu, marikoi hitzak gu gehienon ahoetan ziren eguneroko harremanetan, irain edo iseka. Hori gainditzen hasiak ginela pentsatzen nuen, baina usteak erdi ustel: joerak bizirik segitzen du. Edonon, edonoiz, edonola. Zakuan zer den ikusteko, ahurtara bat aski: lehengoan, 40 urte ez zituen aita 6 urte inguruko semearekin kalean. Haurra uzkur zebilen bizikletan, eroriko ote zen beldur. Aitak akuilatu egin zuen, gizonkeria lagun: «No tengas miedo, marica». Asteburuan, 15-16 urteko dozena-erdi bat nerabe jadanik matxito aldiriko trenean oihuka, elkarri maricĂ³n deitzen, brometan-edo. Hondartzan bospasei urteko umeak mariquita hor, mariquita han, barreka. Alboan gurasoak. Adi, baina isilik.

Atzeraka joango gara? Kezkagarria da halakoak berriro normaltasunez esatea, hala hastea. Areago gazteenen artean, horiexek baititugu etorkizuneko helduak. Zaharragoen ezpainetan ere ez da gozoa, baina... Badut gizon baten berri. Espetxean urte dezente igaroa da, ez droga trafikatzeagatik, baizik eta droga trafikatzaileen kontra, besteak beste, egiten zuen erakunde bateko kidea izateagatik. Edozer dela, eta mariquita berba du ahoan. Ez nau bereziki kezkatzen. Ordea, haur eta nerabeek gurasoen aurrean halakoak esan eta haien heziketaren ardura duten lagunek ezertxo ere ez esateak, bai.

Susmagarriak atzematen aditua zen irakaslea ez dago gehiago lanean. Pena. Izan ere, badut arrosa koloreko alkandora bat. Fin-fina da. Hori dela eta, apenas ikusiko nauten soinean dudala. Soilik oso egun beroetan. Lankideak beharrean segitu balu, udaren hasieran aukera izango nukeen hura jantzi eta lan bilera batean haren ondoan esertzeko. Susmagarria izateko. Raphael gogorarazteko, goibel bezain pastel: «Yo soy aquel...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA