Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. Tratu txarrak konfinamenduan

Artarako isilpeko bideak

Konfinamenduan zenbait emakume erasotzailearekin batera egon dira etxean sartuta, eta isileko bideak aktibatu dira laguntzeko. Adituek ohartarazi dute bortizkeria mota aldatu egin dela.

I.Z. BORDAGARAI.
Oihana Teyseyre Koskarat - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaren biktima diren zenbait emakumek erasotzailearekin batera egon behar izan dute etxeko itxialdian. Ez dute ia aukerarik izan kalera ateratzeko; soil-soilik, beharrezko premietarako. Ez dute gertuko pertsonekin elkartzeko paradarik izan. Zailagoa izan dute beren egoeraren berri ematea. Hala ere, zenbait egitasmo izan dira, emakumeei arreta zerbitzua eskaintzeko hainbat programa. Isilpeko bideak izatea zuten helburu, bortizkeria jasaten duten andreei eremu seguru bat eskaintzea. Hala, arreta zerbitzurako telefonoak eta gune fisikoak ezarri zituzten Euskal Herriko hainbat lekutan konfinamenduan.

Emakumeei arriskurik gabeko espazio bat, anonimoa eta isilpekoa eskaintzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek indartu egin zuten 900 840 111 arreta telefonoaren zerbitzua. Oiane Zarate teknikaria da bertan, eta adierazi du itxialdian andreen egoera larriagotu egin dela: «Zenbaitek indarkeria pairatzeko duten arriskua handitu egin da osasun krisiarekin; gure helburua emakume horiei informazioa eta laguntza eskaintzea izan da, ahalduntzeko eta norbere bizitzaren gidaria izateko». Zerbitzua gizartean zabaltzea ere bada asmoetako bat; 2006az geroztik dago martxan, urteko egun eta ordu guztietan. 50 hizkuntzatan egiten dute arreta, eta baita keinu hizkuntzan ere.

Telefonoaren beste aldean gizarte hezitzaileak, langileak eta psikologoak daude; guztiak, bortizkeria matxistaren alorrean adituak, eta emakumeak. Profesional horiek andreei informazioa, orientazioa eta euskarri emozionala eskaintzen diete, eta beharrezkoa bada, arreta psikologikora eta juridikora ere bideratzen dituzte kasuak. Halere, bakoitzaren egoerara eta beharretara moldatzen dute beren lana. «Emakumeek, sarritan, hurbileko norbaitek aholkatuta deitzen dute, deiaren zergatia jakin gabe; zein egoeratan dauden azaltzen dute, eta bortizkeria jasaten dutela nabaritzen hasten dira», nabarmendu du Zaratek. Ondoren, haietako bakoitzak erabakitzen du zer egin nahi duen: informatu, orientatu, egoeraren jarraipena egin edo salatu. Andreek ez ezik, haien ingurukoek eta profesionalek ere erabili dezakete zerbitzua.

Arta fisikoa ere bai

Telefono bidezko arretaz gain, leku fisikoak ere ezarri dira. Andre Montaut ACJPB Ipar Euskal Herriko Biktimen Laguntzarako Justizia Elkarteko lehendakaria da, eta martxoko itxialdian Angeluko (Lapurdi) supermerkatu batean egon zen emakumeei harrera egiten, ezkutuko leku batean. Hala ere, aitortu du ez zutela emakume bakar bat ere artatu, eta hausnarketa bat erantsi du: «Langileek esan ziguten ez zutela inoiz hainbeste gizon ikusi erosketetan; beharbada, bada lotura bat fenomeno horrekin».

Bigarren konfinamenduan ere gune fisikoak mantentzea funtsezkoa iruditzen zaio Claire Sabalo CIDFF Emazteen eta Familian Eskubideen Informazio Zentroko kideari. Hiru gunetan daude: Angelun, Donibane Lohizunen eta Donibane Garazin. «Barnealdean ere egitasmoa segurtatzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun, askotan hor delako hitza gutxien askatzen».

Farmaziak ere gune seguru bilakatu dira; esaterako, Bizkaian. Maskara 19 egitasmoa abiatu zuten bertan; Kanarietan (Espainia) sortu zen ideia, eta handik ekarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Gerora, Euskal Herriko lurralde guztietara zabaldu zen. Emakumeek farmazietara jo zezaketen laguntza eske, eta kanpainaren lelo bera oinarri zuen kodea esan: «Maskara 19». Era horretan, farmazialariak laguntzeko aukera zuen, eta egoera aztertu ostean, emakumeak hala baimenduz gero, arreta telefonora deitzekoa.

Patricia Campelo Bizkaiko Diputazioko Berdintasun zuzendariak azaldu du 437 farmaziak egin zutela bat kanpainarekin lurralde horretan: «Andreen aukerak murriztu egin ziren itxialdiarekin, eta baita deiak egiteko intimitatea ere, zenbaitek alboan baitzuten erasotzailea; egoera kontatzeko farmazietara jotzea, beraz, aukera ontzat jo genuen».

Batez ere, edukia

Egitasmoek izan duten erantzuna ez da berbera izan leku guztietan. Jaurlaritzako arreta zerbitzuari dagokionez, Zaratek azpimarratu du, orokorrean, itxialdiko egunetan deiak jaso dituztela, eta beste urteekin alderatuz gero, igoera txiki bat ere nabaritu daitekeela. Hala ere, dei horien edukia jarri du erdigunean: «Hilabete horietan deitzen zuten emakumeen mezuetan intentsitate handia nabaritu genuen: larrialdi egoera bat». Hala ere, gogorarazi du urgentziaren bat izanez gero, 112 larrialdi zerbitzura deitu behar dela. Hain justu, Nafarroan ere telefono zenbaki hori jarri zuten indarkeria matxista jasaten zuten emakumeen eskura, eta baita 016 telefonoa eta Nafarroako Berdintasun Institutukoa ere. Horrez gain, Maskara 19 egitasmoa ere martxan egon zen.

Sabalok ere andreen egoera izan du gogoan. Haren arabera, hainbat izan dira bigarren konfinamenduan gune fisikoetara gerturatu zaizkienak, baina batez ere banantzeko prozedurak hasi nahi zituztelako. Hala ere, gehitu du harrera egin ahala, ikuspuntua aldatu egiten dela: «Ohartzen gara usu atzean bortizkeria jasaten dutela». Gainera, azpimarratu du indarkeria ere aldatuz joan dela izurritearen bilakaerarekin batera: «Konfinamenduan bortizkeria motak aldatuz joan dira: indarkeria morala eta psikologikoa fisiko bilakatu da, adibidez». Uste du itxita egotean andreek beren egoeraz kontzientzia hartu dutela, nahiz eta norbere burua biktima gisa hartzea erraza ez izan.

Bizkaiko farmazietan eginiko egitasmoan, hiruzpalau kasu artatu dituztela adierazi du Zaratek, baina datuaz harago, positibotzat jo du lana: «Bide hau farmazialariekin batera irekitzea eta beste lurralde batzuetara zabaltzea aurrerapauso bat da; erabat garrantzitsua iruditzen zait». Montautek, berriz, zehaztu du Iparraldeko farmazietako egitasmoaren datu zehatzik ez dutela, baina haien elkartera emakume baten egoera bideratu dutela zerbitzu horretatik. Haren iritziz, halako egitasmoek ez dute «horren ongi funtzionatu», emakumeek gertuko sareetara jotzen dutelako: «Biktimek zuzenean jotzen dute ezagutzen dituzten elkarteetara, eta, gainera, sare pertsonaletatik ere lan handia egiten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.