Hezkuntzara ere iritsi da guraizea. Jose Ignacio Wert Espainako Hezkuntza ministroak aurkeztutako lege berriaren aurreproiektuak zera dio: arte eszeniko, musika eta dantza modalitateko batxilergoa ezabatuko duela. LOMCE lege berriak LOE ordezkatuko duela, alegia. Irakasle taldea oso kezkatuta dago neurri horrekin, eta erabakia «kaltegarria, ulergaitza eta bidegabea» dela iruditzen zaio. Batxilergoa kentzeak logikarik ez duela uste dute mundu horretan lanean ari direnek. Dena den, ez dute asmorik eskuak gurutzatuta geratzeko, eta hasiak dira lanean, nahiz eta gobernuak atzera egitea ia ezinezkotzat jotzen duten.
Aritz Estibez Alaitz ikastetxeko musika irakaslea da, Iruñean, eta, batez ere, erabakiaren arrazoirik eman ez dutelako dago minduta: «Bi teoria ditugu: batetik, pentsatzen dugu krisi ekonomikoagatik kendu nahi dutela arte eszenikoen batxilergoa, hala irakasle gutxiagori ordaintzeko; eta, bestetik, Matematikari eta hizkuntzei indarra eman nahi dietelako». Beraz, kultura erabat «gutxietsi» egiten du gobernuaren asmoak, irakaslearen esanetan.
Duela lau urte ezarri zuten batxilergo mota hori, eta geroztik erantzun «bikaina» izan du. Nafarroako hiru ikastetxek eskaintzen dute arte eszenikoak, musika eta dantza ikasteko aukera—Alaitz ikastetxea da D ereduan eskaintzen duen bakarra—, eta ikasle ugari dituzte. Alaitzen, esaterako, 52; lehenengo batxilergoan, 27, eta bigarrenean, 25. Estibez: «Lehenengo ikasturtean hamabost ikaslek eman zuten izena, eta gorakada itzela izan dugu ordutik. Horrek esan nahi du batxilergo honek funtzionatzen duela eta ikasleak oso pozik daudela. Haien beharra asetzen dugu».
Asmo berarekin ari dira lanean Bilboko Ibarrekolan ikastetxean. Aurtengoa dute lehenengo urtean batxilergo mota hori eskaintzen, eta azkenekoa ere izan daiteke. Patxo Landa bertako irakaslea da: «Interes handia erakusten dute ikasleek klase orduetan. Pentsa, Donostiatik Bilbora egunero etortzen den jendea ere badaukagu, goizean goiz jaikita. Gustua ematen du haien irakasle izateak». Ibarrekolan ikastetxean 22 ikasle dituzte, horietako hamar A ereduan, eta hamabi, D ereduan. «Ez daukat zalantzarik etorkizun oparoa izango lukeela batxilergo mota honek. Oraindik berria da», nabarmendu du Landak.
«Atzerapauso izugarria»
Berria da, bai, baina ikasleen artean gero eta oihartzun handiagoa duena. Baita gurasoen artean ere. Estibez: «Arte eszenikoen batxilergoak ez dauka alde txarrik. Ikasgai nagusiak ematen ditugu, eta, hortik aparte, batxilergo hau berezi egiten dutenak: antzerkia, musika... Ikasi beharreko guztia ongi ikasteko aukera ematen dugu». Landaren esanetan, gainera, oso errentagarria da, halako batxilergo bat ezartzeko «aurrekontu txikia» behar delako: «Atzerapauso izugarria» iruditzen zaio murrizketa.
Lege berriaren ondorioz, ikasleak dira kaltetu nagusiak. Estibez: «Badago ikasle mota bat bere burua beste batxilergo batean ikusten ez duena eta arte eszenikoetara jotzen duena. Orain zer egin behar du ikasle horrek? Hezkuntza sistematik kanpo geratuko da». Etorkizunean musika ikasketak egin nahi dituenak ere arazoak izango ditu: «Unibertsitateak hainbat ikasketa eskaintzen ditu musikari lotutakoak. Adibidez, Musikologia. Ordea, arte eszenikoetatik pasatu ez denak ezingo du gainditu gradu hori. Ikasle asko eta askoren bidea etengo du erabakiak».
Ikasleentzat ez ezik, irakasle zein ikastetxeentzat kaltegarria izango da lege berria. Halaxe adierazi du Landak: «Irakasle bat baino gehiago lanik gabe geratuko da. Gure ikastetxean, esaterako, lanpostu bat galduko dugu». Bilbon bezala, Iruñean ere izango dute buruhausterik, Estibezek dioenez: «Hainbat irakasle beste zentro batzuetara bidaliko gaituzte, eta lehen apropos eskatu genuen Alaitzen postua, batxilergo honetan klaseak emateko». Ikastetxe horretan 300 ikasle dituzte, eta 52 dira arte eszenikoen batxilergoa ikasten dutenak. Beraz, galera dezentekoa nabarituko dute.
Horrez gain, orain arte hainbat irakaslek eginiko lana alferrik galduko da. Landa: «Ikasgaiak emateko materiala guk prestatu behar izan dugu. Euskaraz ere zerbitzua eskaintzen dugula kontuan izanda, lan handia egin dugu. Lan interesgarria izan da, polita, eta ez da bidezkoa orain batxilergo hau kentzea». Matematika eta hizkuntzak indartzea zilegi dela nabarmendu du Estibezek, baina beste irakasgaiak errespetatuz: «Kultura hezkuntza orokorretik kentzeak ez dauka ez hanka, ez buru. Besterik gabe hartu dute erabakia. Azalpenen bat eman izan baligute, gaitz erdi».
Sinadura bilketa
Hasiak dira lanean Madrilen euren hitzari kasu egin diezaioten. Estibez: «Sinadurak biltzen ari gara beste ikastetxe batzuekin batera, bai paperean, bai Internet bidez. Hainbat guraso ere hasi dira mugitzen, euren seme-alabek batxilergo mota hau ikasteko eskubidea izan dezaten». Landa: «Espainiako Estatuan erkidego guztiak ari dira lanean, eta gu ere hor barnean gaude». COEM izeneko plataformak koordinatzen du protesta.
Arte eszenikoen batxilergoa airean dago, eta irakasle taldea, kezkatuta
Madrilgo gobernuaren erabakiak lan gabe utz ditzake hainbat irakasle; ikastetxe batzuek, berriz, ikasleak galduko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu