egunkaria auzia

Arte plastikoen alorreko kideak ere 'Egunkaria'-ren epaiketaren aurka

Elkarretaratzea egin dute Donostian, 'Egunkaria libre!' lelopean. Han izan dira Antton Mendizabal eta Antton Olariaga, besteak beste. "Bidegabekeria hau lehenbailehen eta behin betiko buka dadila". Hurrengo asteartean izango da epaiketako hurrengo saioa.

2010eko urtarrilaren 8a
17:56
Entzun
Antton Mendizabal eskultorea, Antton Olariaga komikilaria, Imanol Irigoien eta Ander Ormazuri margolariak eta beste artista batzuk izan dira gaur Egunkaria-ren epaiketaren aurkako eta auzipetuen aldeko elkarretaratzean, Donostian. Hain zuzen, arte plastikoen alorreko kideek deituta egin dute Bulebarrean bilkura, Egunkaria libre! lelopean. "Bidegabekeria hau lehenbailehen eta behin betiko buka dadila eskatzen dugu", adierazi du Mendizabalek.

Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga itxiera kasuko auzipetuak ere bertan izan dira. Baita, besteak beste, Lore Leanizbarrutia EAJko senataria, Joxan Lizarribar EKTko Administrazio Kontseiluko lehendakaria, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia eta Sabino Ormazabal kazetaria ere.

Irailaren bukaeratik hainbat alorreko ordezkariek elkarretaratzeak egin dituzte han eta hemen. Gaur zortzi ostalaritzako kideek egingo dute bilkura, Donostian (12:00, Bulebarra).

Bost auzipetu itxierari buruzko auzian

Egunkaria auzia-n kazetaren itxierari buruzko epaiketa abenduaren 15ean hasi zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak auzia ixteko eskatu zuen bere garaian, eta epaiketako lehen bi egunetan ez die auzipetuei eta guardia zibilei galderarik egin.

Auzipetuek ETArekin loturarik ez zutela izan nabarmendu zuten abenduaren 15eko saioan. Hurrengo egunean, guardia zibilek ez zuten Egunkaria-ren eta ETAren ustezko harremanez frogarik aurkeztu.

Datorren asteartean izango da epaiketako hurrengo saioa.

Dignidad y Justiciaren eta AVTren zigor eskaerak

Auzibidean Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek baino ez dituzte egin zigor eskaerak. Hauek:

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).



=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.