Ehun kilometro pasako giza kate bat antolatzea ez da milaka eta milaka lagun joango diren manifestazio bat antolatzea bezala, Gure Esku Dago dinamikakoek esan dutenez, urtebete inguruko lana eskatzen duelako. Gainera, haien iritziz, artikulazio soziala lor daiteke. Horretara jarri zen.
Gaur zortzi izango da giza katea: Durango (Bizkaia) eta Iruñe artekoa, 123 kilometrokoa. Gure Esku Dago-k ostegunean Bilbon esan zuen mobilizazioak hutsunerik ez izateko gutxieneko jende kopurua lortua zutela: 50.000 lagun. Atzo Angel Oiarbide bozeramaileak Gasteizen kopuru zehatzagoa eman zuen: 60.000 lagunek emana dute izena.
Giza katea, prozesu luze baten ondorioz dator. 2007tik bai, behintzat. Euskal herritarren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, Idiazabalen (Gipuzkoa) bilgune bat eratu zuten «sentsibilitate desberdineko» lagunek, nahiz eta sasoi hartan egoera politikoagatik «haizea aurka» zen. Baina gorpuztuz joan zen hura eta, ondoren, eskualdera egin zuten salto: Goierrira. Nazioen Mundua zuten izen.
Bost urtean proiektu garrantzitsuak mamitu ostean —Gazta zati bat dokumentala, Larraitzen mosaikoa, Eskoziarako irteera...— eta «borondateak elkartuta», Euskal Herrira jauzi egiteko unea iritsi al zen galdetzen hasi ziren oraintxe dela urte eta erdi bat pasa. «Goierrin posible izan bada, zergatik ez Euskal Herrian?», aipatu izan du maiz Oiarbidek.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko bideo txiki bat egin zuten, eta eragileei azaltzen hasi ziren, «konplizitateak lortuz, bide batez». «Tresna bat» nahi zuten euskal herritarrak artikulatzeko. Giza katea zuten buruan, eta hura antolatzeko aukera mahai gainera atzeratzen hasi ziren iazko urte hasiera aldera. Baltikoan, 1989an izan zen handi bat; Katalunian, 2013ko irailean, giza kate erraldoi bat egiteko ideiarekin zebiltzan.
Eman zuten pausoa, gizarte zibileko beste kide batzuekin batera: joan den urteko ekainaren 8an aurkeztu zuten Gure Esku Dago, eta aurtengo ekainaren 8rako giza kate handi bat iragarri.
Zifra lehenik, non egin gero
50.000 laguneko kopurua jarri zuten helburu, eta ondoren ekin zioten distantziak kalkulatzeari, bigarren mailako errepidetik egingo zutela aintzat hartuta. Iruñea hautatu zuten katearen mutur baterako, eta besterako aipatu zituzten Bilbo, Gernika-Lumo... Eta Durango hautatu, azkenik.
Antolaketa serioa eskatzen zuen horrek. Idazkaritza talde batek egiten ditu koordinazioa eta ekinbide nagusien plangintza. Astero batzen dira komunikazioko, diruzaintzako, giza kateko mahai teknikoko eta herri batzordeekiko harremanetarako arduradunak.
Mugimendua ez dute profesionaltzat eta finkotzat. Izan ere, aurkezpenean aurreratu zuten «urtebetera iraungi» egingo zen dinamika bat ipini zutela abian. Elkarte juridikorik ez dute sortu nahi izan. Nazioen Munduaren egituraz baliatu dira beharrezkoak zaizkien gastuak eta abarrekoak egiteko. Gure Esku Dago-k elkarte juridiko bat sortu izan balu, presidentea eta bestelako kargu batzuk izendatu beharko zituzkeen, eta uste dute dinamikak, iraungitze data izanda, ez zuela zertan egituratu.
Haien esanetan, giza katea saio bat da, kohesioa eta indarra lortu nahi dituzte, herritarrak izanik protagonista. Oiarbidek aipatzen du «aldarrikapenetik gauzatzerako trantsizioa» lortzeko sortu zutela Gure Esku Dago, ekainaren 8ko mobilizazioa «mugarria» izango dela eta indarraren araberakoa izango dela biharko dimentsioa. Udazkenean «batzar handi bat» egitekoak dira.
Oraingoz, giza katea dute buruan. Herrietan dute giharra. 150 batzorde baino gehiago daude, eta denek «oso autonomo» funtzionatzen dute. Komunikazio taldeak ez du eskuliburu bat prestatua batzordeentzat; gureeskudago.net webgunean letra eta kolore ereduak, ikurrak, kartelak eta askoz gehiago ez dituzte haientzat. Herrietan sortzen dituzte bestelako euskarriak, eta idazkaritzakoek diote ikusten dela Euskal Herrian «artista asko» dagoela, kalitateko bideoak-eta egiten dituztelako.
Iaz «harri txiki bat» bota zuten Gure Esku Dago-ko sustatzaileek. «Hor dugu emaitza: herrietan harriz harriz konfiantza eta ilusioa eraikitzen ari dira». Norberak erabakita.
Erabakitzeko eskubidea. Giza katea
ARTIKULAZIOA LORTZEKO TRESNA
Euskal gizartean erabakitzeko eskubidearen alde indarrak biltzeko egitasmoa da gaur zortzi Durango eta Iruñe artean izango den giza katea, Gure Esku Dago dinamikakoek esaten dutenez. Duela urte eta erdi inguru hasi ziren egosten. Dagoeneko 60.000 lagunek eman dute izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu