Artikutzako presan zazpi metroko zulo bat egiteko lanak kontratatu ditu Donostiako Udalak

1.600.000 euro inguruko kostua izango du obrak. 2027rako zuloa eginda egongo dela aurreikusi dute.

Artikutzako presa, aurtengo maiatzean. JJ GUILLEN / EFE
Artikutzako presa, aurtengo maiatzean. JJ GUILLEN / EFE
inaut matauko rada
2025eko urriaren 21a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxinaka aurrera doa Artikutzako presa leheneratzeko prozesua. Maiatzean Espainiako Gobernuaren baimena jaso zuen Donostiako Udalak lan horiek egiteko, eta, gaur, Donostiako Udal Gobernuak lanak kontratatzeko espedientea onartu du. Lanari dagokionez, 1.600.000 euroren aurrekontua aurreikusi dute, eta 2027rako amaituta egotea espero dute. Diru horretatik, milioi bat Donostiako Udalak jarriko du, eta gainerakoa, berriz, Europako Batasunak.

Zazpi metroko zabalerako zulo bat egingo dute presan, bi aldeetan errekak bere bideari jarraitu diezaion, eta hainbat espezieren mugikortasuna errazte aldera. 2026ko udaberrian espero dute lanei ekitea, eta zazpi hilabeteko epea izango dute amaitzeko.

Artikutzako urtegia 1947 eta 1953 bitartean eraiki zuten, eta inoiz ez du lortu behar bezala egonkortzea. Eraiki zutenetik arazoak izan ditu ezkerraldean. Goizuetako lurretan dago (Nafarroa), baina Donostia da jabea. Gipuzkoako hiriburua urez hornitzeko egin zuten, eta Añarbeko urtegiak betetzen du orain funtzio hori, 1976tik. Artikutzakoa 1992an utzi zuten jardueratik kanpo, eta 2019an hustu zuten.

Eraiste partziala

Europako Uraren Zuzentarauan zehazten denez, presak funtziorik gabe geratzen direnean leheneratu egin behar dira ibaien ibilguak, eta horretan ari dira Artikutzan. Ia 30 urte dira erabilerarik gabe geratu zela, eta sei urte, berriz, hustu zutela. Hala ere, Donostiako Udalari aholku eman dioten adituen arabera, aski da zazpi metroko zulo bat egitea, horrek bi aldeen arteko jarraitutasuna bermatzeko balioko duelako; kontrara, presa guztiz eraisteak ingurumenean inpaktu handiegia izango lukeela uste dute.

Europan leheneratuko den presarik handiena da Artikutzakoa: 43 metroko garaiera du, 180 metro zabal da, eta 35 metro lodi. Gainditu egingo du Artikutza husten hasi zirenean eraiste lanetan zegoen Vezinseko presa (Normandia, Frantzia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.