Donostiako Udalak oniritzia jaso du Artikutzako presaren zati bat bota ahal izateko. Espainiako Gobernuak ingurumen eta segurtasun baimenak aitortu dizkio eraisketa lanetarako, eta Kantauriko Ur Konfederazioak ere balekoa eman die lan horiei. Hala, Europan, eraisteko esku hartuko duten presen artetik, Artikutzakoa izango da handiena. Donostiak datorren osteguneko udal batzarrean du onartzekoa lanen proiektua. Aurreikuspenen arabera, lanak 2026an hasiko dira. Enobieta errekaren ibilgua ez eteteko, presaren horman zazpi metroko zabalerako tarte bat irekiko dute haren garaiera osoan, lurrazpitik metro bateko sakoneraraino. Modu horretara, errekaren konektibitate biologikoa bermatuko dela adierazi du udalak.
Artikutzako urtegia 1947 eta 1953 artean eraiki zuten, eta inoiz ez du lortu behar bezala egonkortzea. Eraiki zutenetik arazoak izan ditu ezkerraldean. Donostia urez hornitzeko egin zuten, eta Añarbeko urtegiak betetzen du orain funtzio hori, 1976tik. Artikutzakoa 1992an utzi zuten jardueratik kanpo, eta 2019an hustu zuten.
Presa eraisteko lanen helburua ekosistema leheneratzen laguntzea da, erreken konektibitatea hobetzea, eta bai fauna bai sedimentuak mugitzeko oztopo artifizialak desagerraraztea. Hala, presa botatzeak jarraitutasuna emango dio Enobieta errekari, bere urak Añarbe ibaian isuri aurretik.
Artikutzako presak 43 metroko garaiera du, 180 metro zabal da eta 35 metro lodi. Europan, eraisteko esku hartuko duten presen artetik, Artikutzakoa izango da handiena. Gainditu egingo du Artikutza husten hasi zirenean eraiste lanetan zegoen Vezinseko presa (Normandia).
Vezinseko presaren eraistea eta Artikutzaren hustea dokumentatu zituen Bego Zubiaren Urak Aske dokumentalak (2022), Elhuyar fundazioaren laguntzarekin. Lanak nabarmentzen du zeinen konplexua den presaren etorkizunari buruz erabakitzea, ingurumen ondorioak saihetsezinak baitira hura eraitsiz gero ala eraitsi gabe. Urtegiaren ingurua baso eremua denez, presa botatzeko makinak sartzea erronka teknologiko eta ekologiko handia izango da, ingurumena ahalik eta gutxien kaltetzeak neurri asko eskatzen ditu eta. Artikutza Kontserbaziorako Eremu Berezi gisa dago sailkatuta, eta Europako Natura 2000 sarearen parte da.
Hormaren zati bat
Europako Uraren Zuzentarauak zehazten duenez, presak funtziorik gabe geratzen direnean leheneratu egin behar dira ibaien ibilguak, eta horixe gertatu da Artikutzan. Lehen urratsa urtegia hustea izan zen, eta, ordutik, hainbat ikerlarik bisitatu dute ingurua, behatzeko ea nola ari diren lehengoratzen. Hurrengo pausoa presan zer egin erabakitzea zen, eta Donostiako Udalak haren zati bat bakarrik eraistea erabaki du, udalari aholku eman dioten adituen iritziz aukera horrek sortuko baitu kalte gutxien ingurumenean.
Donostiako Udaleko Osasun eta Ingurumen zuzendari Sergio Fernandezek azaldu duenez, beste aukera bat ere bada: presa osorik eraistea; baina, hori eginez gero, hondakin ugari garraiatu beharko lirateke, eta eremu horretako bideak indartu egin beharko lirateke kamioien joan-etorriei eutsi ahal izateko. Horrez gain, presatik hurbil dauden eremu batzuetan galzorian den muturluze iberiarra bizi da, eta presaren barruan interes handiko saguzarrak daude. Presa eraisteak bizitoki horiek suntsitzea esan nahiko luke. Bestalde, presa bere horretan utziz gero, sedimentuak pilatzeko arriskua egongo litzateke eta horrek konektibitate biologikoa eragotziko luke, Fernandezen esanetan.
Artikutzako presa eraisteko lanek 1,6 milioi euroren aurrekontua izango dute. Horietatik milioi bat jarriko du Donostiako Udalak. Gainerakoa Europako Batasunaren funtsek finantzatuko dute, Life Kantauribai proiektuaren babespean.