Euskal presoak

Artzain Onean itxita dauden lagunek gutuna igorri diete Zapaterori eta Sarkozyri, "sakabanaketa kriminala" bukatzeko eskatuz

Gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan daudela gogoratu die Espainiako eta Frantziako presidenteei, baita zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak ere, eta haiek libre uzteko. "Presoak sekula ez ditugu haiek bakarrik utziko".

2008ko urtarrilaren 2a
17:31
Entzun
Donostian Artzain Onean presoen alde itxialdia egiten ari diren lagunek gutuna bidali diete Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteari eta Nicolas Sarkozy Frantziakoari, "sakabanaketa kriminala" bukatzeko eskatuz, "politika horrek oinazea besterik ez dakarrelako".

Gaixotasun larriak dituzten presoak oraindik kartzelan daudela gogoratu diete Zapaterori eta Sarkozyri, baita zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak ere, eta haiek denak libre uzteko eskatu dute. Presoak Euskal Herrira ekartzeko ere bai. "Horretaz gain, zuen gobernuak presoekiko tratu duinerako eskubidea urratzen du, osasunekoa, komunikaziokoa, hezkuntzakoa, hizkuntzakoa, askatasunekoa, amatasun eta aitatasunekoa, defentsa juridikokoa, eta presoen multzoari izaera politikoa ukatzen diozue. Sekula ez ditugu haiek bakarrik utziko".

"Politika eta bizi baldintza horiengatik" 22 preso hil direla diote eskutitzean, eta joan den abenduaren 25ean hamaseigarren senidea hil zela sakabanaketa dela-eta, aurreko egunean preso bat bisitatzera zihoala auto istripua izan ondotik Teruelen (Espainia).

Euskal Herriko gatazka politikoa gainditu egin behar dela uste dute Artzain Onean presoen alde itxialdia egiten ari direnek, eta horretarako euskal herritarrek erabaki behar dutela euren etorkizuna. Ildo horretan, amnistia eskatu dute.

Mercedes Gallizo Espainiako Espetxeetako zuzendariari eta Rachida Dati Frantziako Justizia ministroari ere igorri diete gutuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.