Xabier Arzalluz EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente izandakoak adierazi du bere ustez ezker abertzaleak "bide politiko eta baketsuak" erabili nahi dituela eta "sinistu" egiten diola. "Nik ezagutzen ditudanei behintzat, sinisten diet, eta ezker abertzalearekin gehiago fio naiz, Rubalcabaz baino", esan du Info7 irrati katean.
Jendeak bakea nahi duela uste du EAJko buru izandakoak, "baina ez dakigu ETAk zer nahi duen. HBk nahikoa egin du".
Gogor jo du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde, Barne ministro eta bozeramailea. "Hura da topa daitekeen maltzurrena. Ez naiz fio gobernuaz, Rubalcaba tartean baldin badago. Horrek darama Madrildik Euskal Herrira begirako politika".
Europaz ere ez da askorik fio Arzalluz, aitortu duenez. "Estatuen kluba da hori, eta 'gaur hiretzat, bihar niretzat' egiten dute".
Dena dela, uste du Euskal Herriko bakegintza dela PSOEren "argudio bakarra" 2012ko hauteskundeetan PPri irabazteko, eta ez du baztertzen gauza onak gertatzea. "Gobernuari interesatzen bazaio Sortu aurrera joatea, joango da. Bestela, ez".
Eusko Legebiltzarrean atzera berriz gehiengo abertzalea baldin badago eta zenbait aldarrikapenetan aurrera jotzen badute, Espainiako Estatuak berriro trabak jarriko dituela dio Arzalluzek, "Ibarretxeren garaian Alderdien Legea atera zuen bezala".
EAJk jokatu beharreko paperaz "ideiak" badituela dio hark, baina jakinarazi du alderdi jeltzaleko agintariek galdetu ere ez diotela egiten.
politika
Arzalluz: "Ezker abertzalearekin gehiago fio naiz, Rubalcabaz baino"
Jendeak bakea nahi duela uste du EAJren EBBko presidente ohiak. "Baina ez dakigu ETAk zer nahi duen. HBk nahikoa egin du", adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu