Politika

Arzalluz: "Orain ez dugu botere gehiago behar, autodeterminazioa baizik"

EAJren EBBren buru izandakoak babesa eman dio Ibarretxeren proposamenari, eta "alderdian gehienak" lehendakariarekin daudela uste du.

2007ko urriaren 4a
19:06
Entzun
"Euskaldunok orain ez dugu behar eskumen gehiagorik, ez dugu behar botere gehiago. Autodeterminazioa behar dugu orain. Hori da Ibarretxek eskatzen duena". Hala esan du Xabier Arzalluz EAJren Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) lehendakari ohiak Euskadi Irratian gaur arratsaldean Mezualaria saioan emandako elkarrizketan. "Herri honek Madriletik juridikoki ontzat hartua izan dadila behar du. Horren atzean ez dago dirua, ez daude eskumenak, nortasuna dago".

Hala ere, Arzalluzen ustez, "entzundakoa entzun ondoren", Madrilek ez dio utziko Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdeketa egiten. Ibarretxek ekainera bitartean akordioa lortu nahi du Espainiako Gobernuarekin indarkeriaren bazterketaz eta erabaki eskubieaz, lehengo ostiralean Eusko Legebiltzarrean iragarri zuenez, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteak eta biek bilera egingo dute hilaren 16an, Moncloan. "Madrilen kontra daude, baina ez dut uste tankeak bidaliko dituztenik. Nahiago nuke bidaliko balituzte! Izan ere, euskal auzia nazioartean agerian geratuko litzateke".

Saioa ez badoa aurrera, Arzalluzek dio bera Ibarretxe balitz "etxera" joango litzatekeela. "Geure alderdian badaude batzuk hori nahi dutenak, baina gehienak lehendakariarekin daude". Eusko Legebiltzarrean 2008ko ekainean galdeketa egiteko baimena eskatzean, Ibarretxek EAJ-EA-EB hirukoaz gain beharko aldeko botorik. "Hor daude HBkoak. Zer egingo dute? Ibarretxek berak baino arriskua handiagoa dute HBkoek!", iritzi dio EBBren buru izandakoak.

Bake prozesuaz esan du ETA eta Gobernua iazko maiatzean bildu zirenean ETAk armak uzteko eskaintza egin zuenean, "Perez Rubalcabak [Espainiako Gobernuaren Barne ministroa] hautsi" zuela hura dena. "Hori esan didate, eta ez edozeinek".

Josu Jon Imazek EBBren lehendakaritza eta politika utziko dituela iragarri zuenetik, Arzalluzek aitortu du ez diola deitu. "Berak ere inoiz ez dit deitu presidente izan denean".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.