Politika

Arzalluzen ustez, EAJk hauteskundeak galduko ditu Ibarretxe ez bada lehendakarigaia

Jeltzaleen presidente ohiak dio euren alderdi barruan "batzuek" ez dutela nahi Ibarretxe hautagai gisa. EAEko bozak izan arte galdeketa dela-eta "mobilizazioak" egongo direla iragarri du. Otegirekin egoteko gogoa duela esan du.

2008ko irailaren 10a
13:19
Entzun
Xabier Arzalluz EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidende izandakoak gaur esan duenez, bere ustez EAEko hurrengo hauteskundeetan EAJren hautagaia Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izango da; "bestela, EAJk ez ditu hauteskundeak irabaziko", adierazi du Euskadi Irratian, Faktoria saioan.

EAJ barruan "batzuek" lehendakarigai Ibarretxe ez dutela nahi esan du Arzalluzek. "Transbertsalitatea-eta nahi dute haiek, baina beste batzuok uste dugu abertzaletasuna biguntzen ari dela eta jendea beste bideetatik doala; gazteak, batez ere". Bera Ibarretxeren alde azaldu da.

Egokia iruditzen zaio EBBko buru ohiari Jaurlaritza galdeketaren inguruan eramaten ari den politika, gaia Europara eramatea garrantzitsua iruditzen zaio, "auzia nazioartekotzea delako", eta alderdiak beste ekimen bat prestatzen ari direla jakinarazi du, zehaztu gabe. EAEko bozak datorren udaberrian izango dela uste du, eta ordura arte "mobilizazioak" egongo direla.

Lizarra-Garazi Akordioaren hamargarren urteurrena beteko da etzi, eta Arzalluzek dio ez zaiola damutzen bere alderdia sinatzaileen artean egotea -EAJko burua zen bera 1998an-. "Madril orduan izutu zen lehen aldiz, [Eusko] Legebiltzarrean EAJ eta HB batera ikusi zituenean. Argi gorria piztu zen han, eta orduan muturrekoak parlamentutik ateratzeko estrategia hasi zuten horregatik, ez ETAgatik".

Ezker abertzaleko kideak kartzelan sartzea gaitzetsi du, ez baitzaio iruditzen modu horretara "herriaren benetako ordezkaritza" dagoenik. "Hor [ezker abertzale] atzean jende asko dago, eta denak kartzelara sartzeko kontzentrazio eremua beharko lukete".

ETA "batzuetan ahul" ikusten duela esan du, "baina Espainiako Estatuak ezin du ETArekin. Negoziazioa da irtenbide bakarra, eta EAJ beti egon da horren alde". Azkeneko bake prozesuaz iritzi dio Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroa izan zela "traba gehien" jarri zituena, "bere garaian [Jaime] Mayor Oreja bezala".

Arzalluz izan zen Arnaldo Otegi ezker abertzaleko bozeramailea Martuteneko (Donostia) espetxean bisitatu zuenetako bat, eta honekin egoteko gogoa daukala esan du. "Alpeetan dabil orain hura, eta egongo da tarterik gero ere elkarrekin egoteko. Otegi ondo ikusia dago jende askoren aldetik; nire aldetik bai, behintzat".

BBKren (Bizkaia) eta Kutxaren (Gipuzkoa) arteko balizko bat-egiteaz, alde agertu da, eta Vital Kutxak (Araba) ere hor egon beharko lukeela iritzi dio, "hortik kanpo ez duelako ezer egiterik". Nafarroako aurrezki kutxa ere haiekin batzea gustatuko litzaioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.