Asensiok dioenez, Gipuzkoan ez dute hartuko Zaldibarko hondakinik

Orain arte hara bideratu dituzten hondakinei dagokienez, horiek hartzeko aukerari aterak zabaldu dizkio, baldin eta «Gipuzkoako azpiegituretan tratatzeko modukoak» badira.

Jose Ignacio Asensio foru diputatuaren agerraldia.
gotzon hermosilla
2020ko martxoaren 3a
17:33
Entzun

Gipuzkoako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatu Jose Ignacio Asensiok esan du ez duela aurreikusten Zaldibarko zabortegian dauden hondakinak Gipuzkoan hartzea, horiek guztiek «hondakin arriskutsu» izendapena dutelako eta herrialdean ez dagoelako horrelakoak jasotzeko baimena duen gunerik. Zaldibarko zabortegira bideratzen zituzten hondakinei dagokienez, berriz, esan du horietako zenbait har zezaketela Gipuzkoak dituen azpiegituretan, baldin eta horietan tratatzeko modukoak badira.

Asensiok emandako datuen arabera, Gipuzkoako mankomunitateek 11.000 tona hondakin bidaltzen dute urtero zabortegietara. «Iritsi da garaia mankomunitateek beren gain hartzeko hondakinen kudeaketa osoa, orain baditugulako horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak», esan du. Zaldibarkoa industria jatorriko hondakinetarako zabortegia zen, baina horietatik zenbait –plastikoak, zura eta abar– «hiri hondakinen parekoak» dira, eta, hortaz, Gipuzkoan bertan har ditzakete.

Asensiok esan du Gipuzkoan sorturiko hondakinak tratatzeaz gain prest daudela Jaurlaritzari beren azpiegiturak eskaintzeko, Zaldibarko zabortegia itxi izanak sorturiko arazoak murritzeko.

Foru diputatua bat etorri da Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak esandakoarekin, enpresei hondakinak isurtzeagatik zerga berdea ezartzeko egokitasunaz, eta erantsi du Gipuzkoako Aldundiak ez duela erabakirik hartu auzibidean aurkezteko aukeraz.

«Eredu baten porrota»

Asensioren agerraldian, EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak gogor kritikatu dute Zaldibarko hondamendiaren kudeaketa. EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek esan du Zaldibarkoak «hondakinak tratatzeko eredu baten porrota» erakutsi duela: «Hondakinen gaia pribatizatzen denean enpresek dirua irabaztea jartzen dute helburutzat, eta herritarren osasuna ez da lehentasuna».

Elkarrekin Gipuzkoako Maria Valientek esan du auziari ez zaiola «erantzun integrala» eman, eta «planifikazio falta» egotzi die erakundeei: «Norbaitek gauzak gaizki egin ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.