Asensiok ukatu egin du Zubietatik Artaxoara lixibiatu «ekotoxikoak» bidali izana

Asensiok Nafarroako Gobernuaren jarrera txarretsi du, eta adierazi arazoa Artaxoako plantaren kudeaketan dagoela.

(ID_13529161) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-24, Donostia. Asensio Ingurumen diputatuaren agerraldia, urjentziazkoa
Asensio, gaur goizeko agerraldian, Donostian. GORKA RUBIO / Foku
Iosu Alberdi.
Donostia
2024ko urtarrilaren 24a
15:00
Entzun

Zubietako erraustegitik Artaxoako konpostatze plantara bidalitako lixibiatuen auziak Nafarroako Gobernuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko talka eragin du. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak presazko agerraldi bat egin du gaur goizean, atzo Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak esandakoei erantzuteko, eta «erabateko faltsukeriatzat» jo du Zubietatik lixibiatu «ekotoxikorik» bidali izana. Hartara, Nafarroako Gobernuak Artaxoako plantan eginiko ikuskaritza lana jarri du jomugan: «Lotsagabea eta gezurtia iruditzen zait Zubietari egoztea helmugako [Artaxoako] toxikotasuna».

Atzo Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian, Aierdik adierazi zuen Artaxoako Ecofert Sasoain enpresak Zubietatik lixibiatu «ekotoxikoak» jaso zituela, horiek hartzeko baimenik izan gabe. Are gehiago, zehaztu zuen horiek «kode okerrarekin» jasotzen ari zirela. Zehazki, LER 190812 kodearekin iritsi ziren. Horiek, kodifikazio taularen arabera, «hondakin uren tratamendu biologikotik eratorritako lohiak» dira, «substantzia arriskutsurik» gabeak.

Asensioren esanetan, baina, Aierdik, «oinarririk gabeko adierazpenak» egiteaz gain, bere eskumenetatik haratago jo zuen atzoko agerraldian. Izan ere, Gipuzkoako Ingurumen diputatuak argudiatu du jatorrizko plantari, hau da Zubietari, dagokiola LER kodea zehaztea, eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela horiek egokiak ote diren baieztatzea. Azaldu du hori egin ondoren hondakin horiek jaso ditzaketen plantetara bidaltzen dituztela: Bizkaira, Sader enpresak kudeatutako plantara, eta, «kantitate txikiagoan», Ecofert Sansoain enpresak Artaxoan duenera. Azken horren xedea da hondakinak konpost eta ongarri bihurtzea.

Asensiok zenbait irudi erakutsi ditu prozesua modu egokian bete dutela argudiatzeko. Batetik, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari bidalitako agiri baten ziurtagiria, ingurumen zaintza programari lotua. Bestetik, SGS Tecnos SL enpresak hondakinez eginiko analisiari dagokiona, diputatuak zehaztu duenez. Testuan ageri da lixibiatuak ez zituztela «ekotoxiko» gisa sailkatu. Izan ere, Asensiok zehaztu du lixibiatu horiek tratamendu biologikoen ondorio direla, eta ez errausketen eraginez sortuak.

Era berean, Asensiok adierazi du Ecofert enpresak bazuela baimena sailkatutako hondakinak kodifikazio horren pean jasotzeko, Nafarroako Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak 2016an emana. Eta enpresa hark eta Ekondakinek, Zubietako kudeaketaz arduratzen denak, kontratu bat sinatu zutela halako lixibiatuak Zubietatik Artaxoara bidaltzeko. Zehazki, 200 tona, Ekondakinen eskaeren araberako epeetan garraiatzeko. Aierdiren esanetan, baina, Zubietatik Artaxoara 5.500 tona lixibiatu garraiatu ziren; 2.100 tona 2022an, eta 3.400 tona iaz.

Asensiok gehitu du Artaxoako plantak jasotzen dituen lixibiatuak ez direla Zubietakoak soilik, eta, ondorioz, ezin dela baieztatu han identifikatutako hondakin «ekotoxikoak» Gipuzkoako erraustegitik bidaliak direnik. Hala, Nafarroako Gobernuaren gain jarri du ardura, argudiatuta haren betebeharra dela Ecofer enpresak jasotzen dituen hondakinak aztertzea eta hark emaniko informazioa berrikustea. Hala, bi galdera bota ditu: «Zer kontrol eta jarraipen egin da? Egoera hain larria bazen, zergatik ez zen planta lehenago itxi?». Hortik aurrerakoak ardurak horiek ez dagozkien instituzioei egoztea direla uste du Asensiok.

Zigorrak eta itxiera

Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak behin-behinean itxi du Artaxoako planta, eta zigor espedienteak zabaldu dizkio. Aierdi kontseilariak azaldu zuenez, iazko urtearen hasieran enpresa ikuskatu zuten, dei anonimo bat jaso ostean. Orduan, ikusi zuten hondakinen putzuak gainezka egin zuela eta likidoa inguruko antapara batera isurtzen ari zela. Kasu hartan, 20.001 euroko isuna jarri zioten enpresari. Gerora, gobernuak atzeman zuen baimendu gabeko lixibiatuak garraiatu zituztela, eta hondakinen tratamenduan gabeziak zituztela. Azken arazo horregatik, 40.000 euroko isuna ezarri zieten, eta jarduera geratzeko agindu. Halere, Aierdiren esanetan, enpresak Zubietako lixibiatuak jasotzen jarraitu zuen.

Asensiok azaldu duenez, baina, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK-k ez dute Artaxoako plantaren egoeraren berri izan. Zehaztu du Ecofert enpresak abenduaren 18an jakinarazi ziela ezin zuela hondakin gehiago jaso. Era berean, kritikatu du urtarrilaren 15ean Aierdi, Ana Bretaña Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendaria eta departamentuko hiru teknikari GHK-ko kideekin elkartu zirenean atzo esanikoen berri eman ez izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.