Zubietako erraustegiak 5.500 tona lixibiatu bidali zituen Artaxoara, han tratatu ezin badituzte ere

Nafarroako Gobernuak berretsi du hondakinak jaso zituela. Artaxoako planta itxi egin dute behin-behinean.

Jose Mari Aierdi
Jose Mari Aierdi kontseilaria. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko urtarrilaren 23a
18:30
Entzun

Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak berriro baieztatu du Artaxoako Ecofert Sansoain enpresak lixibiatuak jaso dituela Zubietako erraustegitik, hondakin mota hori hartzeko baimenik eduki gabe. Ekondakin-ek, Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresak, 5.500 tona lixibiatu bidali zituen guztira: 2.100 tona lixibiatu 2022an, eta 3.400 tona iaz. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak behin-behinean itxi du Artaxoako planta, eta zigor espedienteak zabaldu dizkio. Kontseilariak Nafarroako Parlamentuan eman ditu azalpenak.

Gauza bera esan zuen abenduan, Artaxoako planta Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak jasotzen ari zela, hondakinen «kode okerrarekin». GHK-k, Zubietako erraustegia kudeatzen duen sozietateak, ukatu egin zuen. Zabortegietan isurtzen eta sortzen diren likidoak dira lixibiatuak. Zaborraren substantzietako asko herrestan eramaten dituzte, eta toxikoak izan ohi dira.

Aierdiren esanetan, Artaxoako plantak, hondakinaren kodea edozein izanda ere, ez luke halako hondakinik onartu behar, ez baitauka horretarako baimenik. Hondakinak konpost eta ongarri bihurtzen dituzte Artaxoan. Hondakinei jatorrian jartzen zaie kodea, kasu honetan Zubietako erraustegian.

Iragan azaroaren 13an, EH Bilduko legebiltzarkide Adolfo Araizek galdera bat erregistratu zuen Nafarroako Parlamentuan. Zehazki, Aierdiri galdetu zion ea Nafarroako Gobernua jakitun ote zegoen «industriako hondakin uren tratamendu biologikotik eratorritako lohiak» igortzen zirela Artaxoara. Eta Jose Maria Aierdi kontseilariak baiezkoa eman zuen: abenduaren 11n erregistratutako erantzunean, esan zuen departamentuak egiaztatu duela Artaxoan «hondakin likidoak» jasotzen ari direla Gipuzkoako Ingurumen Gunetik», eta hondakin ur horiek «era okerrean» kodifikatuta zeudela, LER 190812 kodearekin.

Zigorrak eta aginduak, alferrik

Aierdik gaineratu zuen kode horretako hondakinak ez daudela «gune horretan [Zubietako errauskailuan] ekoizteko baimena dutenen artean». Gainera, era horretako lixibiatuak hartzeko eta tratatzeko baimenik eta gaitasunik ez duen planta batera bidali zituen Ekondakinek. Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariaren esanetan, kontratuan 200 tonako kantitatea zehaztu zuten. 5.500 hartu ditu guztira. Egoera ikusita, Nafarroako Gobernuak ikerketa bat abiatu zuen, jakiteko ea Zubietako erraustegitik, hondakin uretako lohiak bidali beharrean, lixibiatuak bidaltzen ari ziren.

Artaxoako enpresari hainbat zigor jarri izan dizkiote, Aierdik zehaztu duenez. Iazko urtearen hasieran, salaketa anonimo bat jaso eta gero, enpresa ikuskatu zuten. Ikusi zuten hondakinen putzuak gainezka egin zuela eta likidoa inguruko antapara batera isurtzen ari zela. 20.001 euroko isuna jarri zioten. Iazko martxoan, atzeman zuten baimendu gabeko lixibiatuak garraiatzen ari zirela, eta enpresari esan zioten ezin zuela jarraitu hondakin horiek jasotzen. Hondakinen putzuko lixibiatuak haiek kudeatzeko gai den enpresa batera eramateko agindu zioten, materiala behar bezala tratatzeko. 

Iazko azaroan, beste ikuskatze bat egin zuten. Hondakinen tratamenduan gabeziak ikusi zituzten, eta Ecofert Sansoaini agindu zioten ez zezala hondakin gehiago hartu. 40.000 euroko isuna jarri zioten, eta jarduera geratzeko agindu, akatsak konpondu arte.

Hala ere, Aierdik berak baieztatu duenez, enpresak Zubietako erraustegiko lixibiatuak jasotzen jarraitu du Nafarroako Gobernuak isunak jarri eta neurriak hartzeko agindu eta gero. Agindutako neurriak ere ez ditu hartu. Nafarroako Gobernuak urtebete behar izan du hondakinen putzua gainezka egiten ari zela ikusi zuenetik planta itxi arte. Orain itxita dago, egoera zuzendu arte.

Asensio, ikertua

Zubietako erraustegiaren jarduerari eta Artaxoan jasotako lixibiatuei lotuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasuneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente Jose Ignacio Asensio ikertzen ari dira Donostiako epaitegi batean, argitzeko bi delitu egin ote dituen: ingurumenaren aurkako delitu bat eta dokumentuen faltsutzea. GuraSOSek ekainean fiskaltzari aurkeztutako dokumentazioan du jatorria auziak. Salaketa jartzea erabaki zuen fiskaltzak. Asensioz gain, Nagore Peñalva Bengoa GHK-ko zuzendari teknikoa eta GHK-ko beste bi arduradun ere ikertzen ari dira kasu horretan.

Fiskaltzaren arabera, «Zubietako hondakinen balorizazio energetikoko plantan hondakin arriskutsuak» sortu ziren 2022an, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ez du baimentzen halakorik. Jarduera hori «ezkutatzeko», hondakin kode bat eta kontzeptu bat «oker» eman zituen, «jakinaren gainean». Hondakin horien parte bat Artaxoara bideratu zuen GHK-k, han Ecofert Sansoain enpresaren instalazioetan kudeatu zezaten. Enpresa horrek, baina, ez dauka baimenik hondakin arriskutsuak hartzeko. Fiskaltzaren ustez, ingurumenaren aurkako delitu bat izan daiteke, «Zigor Kodearen 326.1 artikuluan tipifikatua eta zigortua». Dokumentuak faltsutzearen delitua ere egon daiteke egitate horietan, haren iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.