Errefuxiatu estatusa eskatu zuten iaz 84 lagunek Hego Euskal Herrian, asiloa. 77 eskari jaso zituzten Bizkaian, hiru Gipuzkoan, eta lau Nafarroan. Bakar bat ere ez zen izan Araban. Datuok atzo jakinarazi zituen, Bilbon, CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak. 2009an baino gutxiago izan zirela onartu zuten, %32ko jaitsiera izan da; horren atzean, hala ere, ez dute ikusten deus onik. Ez dute uste murrizketa jazarpenetik ihesi babesa beharrean dauden pertsonen gutxitzetik etorri denik. Asiloa emateko baldintzak gero eta «zorrotzagoak» direla uste dute, eta horrek ekarri duela gero etajende gutxiagok egitea hautu hori.
«Europako pentsatzeko erak agiriak besterik ez ditu buruan, eta beste kontinenteetatik datozenei derrigorrean agiriekin etortzeko eskatzen zaie», azaldu du CEAR-Euskadiko presidente Javier Galparsorok. Espainiako Gobernuko datuei so, oro har, jaitsiera agerikoa ikusi dutela esan du, eta kezkatuta daudela horrekin. CEARen arabera, 2.155 pertsonak egin zuten asilo eskaria, eta 260ri eman zieten.
Afrikatik, batez ere
Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egindako eskarien %62 Afrikatik etorritako jendeak egin zituen. Iaz egindako eskari asko argitzeko daude oraindik; izapideak luzeak izaten dira horrelakoetan, eta ez dira berehalakoan argitzen. Nolanahi ere, iaz, denera, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak hamar lagunekin erabaki zuen Hego Euskal Herrian babes neurriak hartzea, eta zazpi laguni eman zien errefuxiatu estatusa.
CEARen arabera, 43 milioi lagun inguru bizi dira gaur egun mundu zabalean bortxa eta jazarpen egoerek zapalduta, babes premian, eta haien aldeko urratsak egin behar dira. «Bitartean, ordea, inbasioaz hitz egiten da, edo eta etorri nahi duten denei harrera egiteko ezintasunaz...», salatu du Galparsorok. Hilaren 20an izango da Pertsona Errefuxiatuen Mundu Eguna, eta horren harira plazaratu ditu CEARek datu hauek, egoeraren larriaz ohartarazteko.
Asilo eskaerak lehengo urtean Hegoaldean %32 urritu zirela esan du CEARek
Babesa behar duten pertsonak ez direla gutxitu dio, baina asiloa lortzeko baldintzak erruz zorroztu direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu