Udal eta foru hauteskundeak. Iruñea

Asiron ezustekoa emateko zorian izan da, UPNrekiko lehia estuan

Cristina Ibarrola gailendu da Iruñean, baina azken 35 urteetako emaitza apalenak erdietsita. Zurekin Nafarroa udalean sartuta, aldaketaren indarrek eserleku bat gehiago lortu dute

EH Bilduko Joseba Asiron, atzo, Iruñeko Zentral aretoan eginiko ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ezinezkoa zirudien Iruñean UPNri agintea kentzeko lehiatzea. Eskuin espainiazaleari parez pare begiratze hutsa ere sinesgaitza zen orain dela lau, zortzi, hamabi edo hamasei urteko hauteskundeetan. Bozak aise irabaztea ohitura bihurtua zuen UPNk, gainerako indarrak txiki utzita. 2015ean ere, Joseba Asiron alkatetzara iritsi eta UPN oposiziora bidali zuenean, EH Bilduk bost zinegotzi lortu zituen; UPNk, berriz, hamar ordezkari, eta bigarren indarraren botoak halako bi.

Aurten, inoiz baino gertuago izan du EH Bilduk UPNri aurrea hartzea, lehia oso estua izan baita bi indarren artean: erregionalistek irabazi dituzte bozak, eta heldu den legealdian bederatzi zinegotzi izanen dituzte; EH Bilduk, aldiz, zortzi ordezkari lortu ditu Iruñeko udal hauteskundeetan, eta lehena izan da indar aurrerazaleen artean. Atzo iluntzean, pozarren azaldu zen Asiron, UPNri «aurrez aurre begiratu» diolako bere koalizioak. Argi esan zuen, gainera, haiei dagokiela alkatetza: «Iruñeak argi eta garbi hitz egin du, eta bi gauza esan ditu: lehenbizikoa, ez duela eskuina berriro alkatetzan egotea nahi; badago gehiengo aurrerakoi oso handia. Bigarrena, iragarri genuen bezala, Iruñean udal aurrerakoia EH Bilduk gidatu behar duela». Guztira, 27.752 boto lortu ditu EH Bilduk Iruñean, duela lau urte baino mila gehiago.

UPN, gainbeheran

UPN lehen indarra izanagatik ere, azken hamarkadetako emaitza kaskarrenak erdietsi ditu Cristina Ibarrola alkategaiak. Navarra Suma koalizioa apurtuta, 2015eko parametroetara itzuli da alderdi eskuinar espainiazalea, baina koska bat beherago, bai ordezkarietan bai botoetan: zazpi zinegotzi eta 30.691 boto, guztira. UPN beheranzkoan da Iruñean, 2007. urtean goia jo zuenetik, baina, atzoko emaitzen parekoak bilatzen hasita, 36 urte egin behar da atzera: 1987tik ez da gelditu UPN hamar zinegotziren langaren azpitik.

Atzo, Ibarrolak garaipena ospatu zuen, baina aitortu zuen «gehiago» espero zuela, eta «albiste txar» gisa definitu zuen «Bilduren hazkundea». Hori dela eta, PSNri galdegin zion «hitza bete dezala, eta ez diezaiola alkatetza oparitu Joseba Asironi».

Izan ere, PSNk zirt edo zart egin beharko du berriro: bidea eman hautagaitza aurrerakoi bati —euren zinegotzietako batek gutxienez Joseba Asironen alde eginez—, edo, Elma Saizek kanpainan iragarri bezala, bere hautagaitza propioa aurkeztu, eta ondorioz, aginte makila UPNren esku utziz. Duela lau urte Maite Esporrinek eginikoa, alegia.

Aurtengo bozetan, sozialistek ez dute gorabehera handirik izan: eutsi egin diete duela lau urte lortutako bost zinegotziei, baina behera egin dute botoetan: 15.850 botopaper eskuratu dituzte, 2019an baino 1.500 gutxiago.

Geroa Bai-ren kasuan ere, Koldo Martinezen hautagaitzak ez ditu eman koalizioak espero zituen fruituak: bi zinegotzi eta 7.654 boz lortu dituzte, duela lau urte baino 800 boto gutxiago.

Zurekin Nafarroa koalizioarentzat ere emaitza gazi-gozoak izan dira Iruñekoak. Gozoak, lau urteren ostean udalera itzuliko delako Ahal Dugu, Nafarroako Ezker Batua, Equo eta Aliantza Berdea ordezkatuko dituen zerrenda bat; gaziak, berriz, koalizioak ozta-ozta lortu duelako botoen %5eko langa gainditzea, eta duela lau urte Ahal Duguk eta Ezkerrak bakarka lortutako emaitzetatik behera geratu delako, 5.228 botorekin.

Hala ere, Zurekin Nafarroako hautagai Txema Mauleonek «pozgarritzat» jo ditu emaitzak, eta esan du koalizioak «hesi garrantzitsu bat» gainditu duela, Iruñeko Udalera itzulita. Mauleonek gaineratu du bere botoak balioko duela «ezkerreko udal gobernu bat bermatzeko eta eskuinari ateak ixteko».

PP, azkenik, bi zinegotzirekin itzuliko da Iruñeko Udalera, baina ez du lortu Carlos Garcia Adanero hautagaiaren ospea baliatzea UPNri boto gehiago kentzeko. Azkenerako, pragmatismoa nagusitu da eskuin espainiazaleko boto emaileen artean.

Blokeetan, aldaketarik ez

Emaitzak bloke handitan aztertuta, ez da aldaketa handirik antzematen ahal. 2015eko aldaketa politikoa ahalbidetu zuten indarrek zinegotzi bat gehiago izanen dute datozen lau urteetan: Zurekin Nafarroa koalizioak lortu duena. Gainerakoan, polarizazio handia nagusi da Iruñean: eskuinak—UPN, PP eta Vox, azken hori udaletik kanpo geratu bada ere— 42.000 bat boto ditu; aldaketak —EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa—, berriz, 40.000 inguru. Erdian, PSN dago, 15.850 botorekin, eta haren esku egonen da balantza alde batera edo bestera lerratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.