Askapen prozesuari «atea irekitzeko prest» agertu da Ernai

IV. Kongresu amaierako ekitaldia egin dute Bergaran, eta %92ko babesarekin onartu dute ponentzia. Ziklo politiko berri bat abiatu dute, garaiak «borroka» eskatzen duelako. Nazio aitortzara begirako lanean kokatu dute gazte antolakundea.

Ernairen IV. Kongresu bukaerako ekitaldia, gaur, Bergaran. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ernairen IV. Kongresu bukaerako ekitaldia, gaur, Bergaran. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
Bergara
2026ko maiatzaren 9a
16:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zein da galbidera doan mundu baten alternatiba? Zein da aterabidea, eta non dago horretarako giltza? Erantzun zaileko galderak dirudite, edo luze eztabaidatzekoak bederen, baina erantzun bat aditu da gaur Bergarako pilotaleku barnean (Gipuzkoa): «Nazio askapena da gure alternatiba. Garai honek bere neurriko erreakzio bat behar du, eta gure belaunaldiari arazoen neurriko erantzuna zor diogu». Pilotalekuko aulkiak bete dituzten ehunka gazteak «erantzukizunaren belaunaldia» dira Ernai gazte antolakundearen aburuz, eta norabide bat marraztu diete gaur, Ernairen IV. Kongresuko amaiera ekitaldian: «Garai honek borroka eskatzen du, eta gure helburuak lortzeko baliabide guztiak eskura dauzkagu». 

Izan ere, ikasturtea hausnarketa prozesu betean eman du Ernaik, nagusiki bi galdera erantzuteko «premia bizia» zutelako gazteek: nondik begiratu nahi duten mundua, eta zein den mundu horren aitzinean Ernaik hartu beharreko jarrera. «Bidegurutze historiko batean gaude; krisia, eskuin muturraren gorakada eta prekaritatea gailentzen diren bidegurutze batean», erran dute. Arazoei begira jarri ordez, eragitea erabaki du Ernaik: bertze ziklo politiko bat abiatzea. «Orain dela hamabost urte pentsaezinak ziren erronkak aspaldi lortu ditugu, eta zinez sinesten dugu askapen prozesu bati atea irekitzeko moduan gaudela orain». Eta askapenera heltzeko «ezinbestekoa» izanen da preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herri bat lortzea. «Hori ere gutxi barru lortuko dugu, eta, hain justu, hori izango da nazio aitortza zein euskaldunon eskubideak lortzeko behar dugun astindua».

«Zin egiten dizuegu ez dugula etsiko herri hau askatasunera eraman arte, eta herri honetako gazteria duintasunez bizi arte»

AMAIUR EGURROLA Ernaiko bozeramailea

Aukerak, baina, badira ardurak ere, eta zerrendatu egin dituzte gaurtik aitzinera Ernaik izanen dituen betebeharrak. Lehena: aldaketa sozial eta politikoa gazte eremutik hauspotzea, eta antolakundea gazteria horren baitako agente aktibo bilakatzea. Horrek bertze konpromiso batera daramatza: gazte independentistak sortzera, eta horiek askapen prozesura batzera. «Ezker independentismoaren baitan kokatzen dugu geure burua, eta gure egitekoa gizartearen gehiengoa ezker abertzalera erakartzea da». Bada bertze eginbehar bat ere: rol aktibo bat jokatzea. «Herri hau martxan jarri behar da; hortaz, aldaketaren olatua ahalik eta urrunen iristeko konpromisoa dugula berresten dugu», zehaztu dute kideek. Hitzeman dute gazteen behar, nahi eta kezkak «politizatu eta eztabaida politikoaren erdigunean» kokatuko dituztela, eta bulkada nazionala «hauspotu eta indartu» eginen dutela.

Askapen prozesurako norabide bakarra proiektatu dute, gainera: «Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna. Horietako bakar bat gabe ez dugu ulertzen ez askatasunik, ezta Euskal Herririk ere». Baina aitortu dute badutela non sakondua, eta konpromisoa hartu dute euskara, feminismoa, jatorri eta kultura aniztasuna, hezkuntza, eta tokian tokiko eremuak indartzeko.

Bozketaren emaitzak

Iritsi da ekitaldiaren bigarren zatia. Hausnarketa prozesu horretatik ateratako ondorioekin eta zehaztutako erronka berriekin ponentzia bat osatu zuten, eta hura bozkatzeko aukera eman zieten Ernaiko kideei. Bada, gaur atera dituzte argira bozketaren datuak: boza eman dutenen %92k babestu du ponentzia; %4k ezezkoa bozkatu du, eta bertze %4 abstenitu egin dira edo zuri bozkatu dute.

Xabi Iraola Sortuko koordinatzaile nagusia igo da segidan oholtzara, eta zorion adinako esker mezuak igorri dizkie gazte antolakundea osatzen duten guztiei. «Harro nago hemen ikusten dudanaz; harro nago ni ere Ernaiko kidea izan izanaz, eta harro Ernaik egin duen ekarpen politiko guztiaz. Batzuk iraultzaz ikasten ari diren bitartean, zuek iraultza egiten ari zarete». Erronka guztiak dira egingarriagoak lagunduta egiten badira, eta horixe nabarmendu du Iraolak: «ondoan» izanen dituztela beti. «Gu ere ari gara zuekin borrokan, eta gure ardura ere bada ezker independentismoa indartzea eta gobernu indar handiagoa lortzea. Nazio askapenerako mugimendua zerbait izan bada, agertoki berriak posible egin dituen mugimendua da, baldintza guztietan borrokatu dena».

«Harro nago ni ere Ernaiko kidea izan izanaz, eta harro Ernaik egin duen ekarpen politiko guztiaz. Batzuk iraultzaz ikasten ari diren bitartean, zuek iraultza egiten ari zarete»

XABI IRAOLA Sortuko koordinatzaile nagusia

Besarkada batez agurtu dute elkar Iraolak eta Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak, eta halaxe pasatu dio hitza batak bertzeari. «Urte honek horrelako ariketa politiko bat egitea eskatzen zuen, testuinguruak erabaki indartsuak hartzera eraman baikaitu», hasi da Egurrola. Inguruan «dena mehatxua» izanagatik, sinistuta dago gazteak direla horiei aurre egiteko «motorrik garrantzitsuena», eta Ernaik bi konpromiso nagusi dituela azpimarratu du: Euskal Herriarekin duen konpromisoa, eta gazteriarekin duena. «Zin egiten dizuegu ez dugula etsiko herri hau askatasunera eraman arte, eta herri honetako gazteria duintasunez bizi arte». 2026ari erantzuteko gai izanen den antolakunde bat sortu nahi dute, eta erantzukizun maila igoko dute horretarako. 

Bozeramailearen erranetan, batzuek gizartearen arazoak «normalizatu» nahi dituzte, eta Ernaik bertzelako jendarte bat eraiki nahi du. «Ezin da normalizatu gurasoen etxetik ezin emantzipaturik ibiltzea, etxebizitza duinerako sarbiderik ez izatea, edo betiereko lan prekarioak izatea. Ezin dugu onartu miserian bizitzea». Horri guztiari aurre egiteko proposamenak eraikitzea da erronka, eta bidea auzolanean egin dezatela eskatu dio Egurrolak komunitateari. «Ernai ginen, eta Ernai gara. Euskal Herria aukeren atarian dago, eta Ernaik ez dio horri ihes egiten utziko. Herri hau askatzera goaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA