Ixiar Garcia. Aktibista futurista eta sormen eragilea

«Askatasuna beharrezkoa da sortzeko, eta sormenak libre sentiarazten gaitu»

Pertsonen sormena lantzea du xede Ixiar Garciak. UEUk antolatuta, 'Sormena garatuz hezkuntza abentura zirraragarri batera' ikastaroa egiten ari dira Eibarren, eta Garcia da irakaslea.

jon olano
Eibar
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pertsona orok, haur zein heldu, sormena du. Gaitasun hori lantzea eta azaleratzea da egin beharrekoa. Hala iritzi dio Ixiar Garciak. Arte Ederretan lizentziaduna da, eta, ekainaren 28tik gaur arte, Sormena garatuz hezkuntza abentura zirraragarri batera ikastaroko irakaslea izan da. Hiru egunean zehar, sortzeko gaitasunaz jardun dute Eibarren (Gipuzkoa), Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroen karietara. Garciak «aktibista futurista eta sormen eragile» gisa definitzen du bere burua, eta anarkia da bere metodologia: «Aurretik ezarritako egituretatik eta ohikotasunetik ateratzen eta eredu berrietan pentsatzen lagunduko digu ».

«Aktibista futurista eta sormen eragilea» zara. Zer da zehazki aktibista futurista izatea, eta zein da sormen eragile baten lana?

Duela urtebete inguru hasi nintzen neure buruari aktibista futurista deitzen, baina orain nahiago dut aktibista momentista naizela esatea. Etorkizunera begira proiekzioak egiteko gaitasuna daukat. Izugarri gustatzen zait orain egiten dugunak etorkizunean zer eragin izan dezakeen edo zer sor dezakeen pentsatzea, etorkizuna nolakoa izan daitekeen imajinatzea.

Arte Ederretan lizentziatua naiz eta artistaren etiketarekin beti egon naiz zalantzan. Banaiz artista, baina artetik kanpo nago. Zer naiz, orduan: kultur eragilea? Ez dut uste definizio egokia denik, besteak beste, esparru sozialean nabilelako lanean azken urteotan. Aktibismoa asko gustatzen zait, ekintzailea izan naizelako beti; ideietan egotea gustatzen zait, baina baita ideia horiek ekintzetara eramatea eta kaleko eragile izatea: gauzak eraldatzea, probokazioak sortzea, eta horrekin eguneroko abenturak sortzea dut gustuko. Hortaz, aktibista momentista definizioarekin nago orain, nekatuta nagoelako beti etorkizunean pentsatu behar izateaz. Iruditzen zait oraina bizitzeak informazio gehiago ematen didala aurrera begiratzeko.

Berezkoa al dugu sormena? Edo, aldiz, landu dezakegun zerbait dela uste al duzu?

Sormena berezkoa dugula iritzi diot; esnatzen garenetik egiten dugun jarduera da. Ideiak elkartzen igarotzen dugu eguna, gero zer egingo dugun pentsatzen, adibidez. Pentsamendua sortzailea da berez. Sormen horrek zer nolako garapena duen da gakoa. Berezkoa dugu sormena, baina txikitatik landuko bagenu, behar duen espazioa emango bagenio, ikusiko genuke nola aberasten doan, gainontzeko gaitasunen erara. Gero eta espazio gehiago hartzen du gure barnean. Horretan gabiltza lanean, uste dugulako sormena dela pertsonoi balore bereizi bat ematen diguna, besteengandik desberdintzeko eta norberaren bizi abentura eraikitzeko.

Ikastaroan esan duzu sormena nortasuna lantzeko baliagarria dela. Nola lan daiteke sormena? Zeintzuk dira prozesu horren ezaugarri nagusiak?

Gure hipotesiak ditugu horren inguruan. Urtetan zehar pentsatu dut sormena hor dagoela eta teknika edo formula ugariren bidez ideiak gara ditzakegula. Orain ordea, konfigurazio kontua dela uste dut. Gure sormenari espazio gehiago emango diogu konfigurazio egoki bat egiten badugu; inspiratzen gaituzten elementuak barneratuz eta horiei bere lekua emanez, eta inspiraziorik sortzen ez digutenak kanporatuz, esaterako. Prozesu hori egitean, berez ateratzen da sormena, leku egokian bageunde bezala. Leku egokian gaudenean, halako lasaitasun bat edo askatasun puntu bat dugu;orduan, ideiak euren kabuz sortzen dira.

Nire iritziz, eraginkorragoa da prozesu hori, tekniken menpe egotea baino. Esplorazio hori indibidualki egitea da nik lantzen dudana,norberak bere esparru egokia topa dezan.

Diozunez, hezkuntza da sormena garatzeko esparru nagusia. Nola eragin dezake hezkuntzak sortzeko gaitasunean?

Gure bizitzako hasierako urteak eskolan igarotzen ditugulako diot nik hori. Ikastetxean hazten gara, besteekin harremanak egiten hasten gara, idazten eta irakurtzen ikasten dugu...Finean, sozializatzen hasten gara. Esparru egokiena dela iritzi diot, gure nortasunaren eraikuntza hein handi batean eskolan gertatzen delako. Etorkizun sortzaileago bat izan nahi badugu, hezkuntzatik landu behar da hori, umetatik dugun sormena errespetatuz, eta urteetan aurrera egin ahala, gaitasun hori garatuz. Bestalde, hezkuntzaz gain, lan mundua ere esparru egokia delakoan nago.

Sormena askatasunarekin eta anarkiarekin lotzen duzu. Sormena garatzeak libreago egiten gaitu, ala askeak izan behar dugu sortzeko gaitasuna izateko?

Biak dira zuzenak. Askatasunik gabe oso zaila da sortzea, espazioak asko mugatzen baititugu. Askatasuna behar-beharrezkoa da sortzeko, eta sormenak ematen digun botere horrek libre sentiarazten gaitu, gure ekintzekiko erantzunak dauzkagulako. Gure beldurrak eta ezintasunak lantzeko gaitasuna dugu, eta hala, gero eta libreago sentitzen gara sentitzen eta esaten duguna egiteko.

Anarkia sormen prozesuaren ispilu izan daiteke. Gaitasun hori garatu gabeko egoera batetik, hura lantzera igaro behar gara, eta bide hori nola egiten dugun da gakoa. Formula eta errezeta ezberdinak proposatzen dira bide hori egiteko. Horietako bat anarkia da, aurretik ezarritako egituretatik eta ohikotasunetik ateratzen eta eredu berrietan pentsatzen lagunduko gaituelako. Beste espazio batzuk bilatzera behartzen gaitu, espero ez ditugun egoerekin topo egitera, eta orduan hasten da erantzun berriak sortzeko beharra. Orduan hasten da abentura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.