Askatasunaren Egunean, Orreaga taldeak dei egin du «estatua berreskuratzeko» martxan jartzera

Taldearen esanetan, urteetan «isilik» egon den «Nafarroako gorputz politikoa» berreskuratu behar da. Anabitarte eta Ariznabarreta oroitu dituzte Pasaian egindako ekitaldian.

Pasaian egindako ekitaldia, gaur eguerdian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Pasaian egindako ekitaldia, gaur eguerdian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko abuztuaren 15a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orreaga taldeak deituta, dozenaka lagun elkartu dira Pasaian (Gipuzkoa), Askatasunaren Egunean. Estatu okupatua gara, ez estaturik gabeko nazioa lelopean egin dute ekitaldi politikoa, eta «estatua berreskuratzeko gorputz politikoa martxan jarri beharra» nabarmendu dute: «Gorputz politiko hori azken berrehun urtean lotan zegoen, isilik, baina orain, agian, iratzarriko dugu legitimazio osoz».

Orreaga taldeko kideen esanetan, egun, bi gorputz politiko daude Euskal Herrian: espainiarra eta frantziarra. Hori, baina, ez da beti hala izan, eta, azken urteetan «koma induzituan» egon bada ere, «Nafarroako gorputz politikoa» berreskuratzeko beharra azaldu dute, hura izan delako «euskaldunek kontzienteki garatu duten bakarra».

778ko Orreagako (Nafarroa) guduaren urteurrenean, taldeko kideek 1.200 urte egin dute atzera, esanez euskaldunak orduan autodeterminatu zirela, Orreagako gudatik hasi eta XIX. mendera arte iraun zuen gorputz politiko bat eraikiz. «Aski litzateke esatea isiltasun hau amaitzera goazela, eta berriro jarriko dugula martxan ahotsa, aurretik genuenari segida bat emateko», esan dute.

Joseba Ariznabarreta filosofoak eta Kepa Anabitarte sindikalistak independentziaren aldeko borrokan egindako lana ere nabarmendu dute: «Abertzale zintzo eta borrokalariak». Aurten hil dira biak, eta omenaldia egin nahi izan diete. Hala, haien ekarpenak izan dira ekitaldiko zenbait hitzartzeren enborra.

Anabitarteren esanak gogoratuz, nabarmendu dute arazo nazionala eta soziala batera landu behar direla, kontrakoak «emaitza negatiboak izatera kondenatzen» duelako Euskal Herria. Era berean, batasuna sustatzeko estrategiak lantzeko beharra azaldu dute: «Estrategia egokirik gabe ezinezkoa da batasuna».

Ariznabarretaren ekarpenak gogoan, batasun hori lortuko duen erakunde baten beharra eta «herriek beren burua aitortu» beharra nabarmendu dute. «Inperialismoaren aurkako mendetako erresistentzia da euskal herriaren existentziaren froga ukaezina», adierazi dute.

Ekitaldi politikoari heldu aurretik, «Euskal Herriaren alde hildakoak» ere omendu dituzte. Bertaratutakoek harrera egin diote badian barrena Pasai Donibanera iritsi den ontzi bati, eta lore sorta bat jaurti dute itsasora. Handik Pietateko guruztokirako bidea egin dute, eta beste lore sorta bat utzi dute bertan; agur dantza bat eskaini diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.