Aske mugimenduak mobilizazioa antolatu du irailaren 14rako, euskal preso politikoak aske uztea aldarrikatzeko eta haientzako amnistia osoa eskatzeko. Donostian egingo dute protesta, estropada egunean. «Euskal preso politikoen askapena aldarrikatzea dagokigu, haiekiko elkartasun dinamiken bitartez», adierazi dute gaurko agerraldian, Donostian bertan.
Presoen amnistia «iparrorratz» dutela azaldu dute Aske mugimenduko kideek. Azken urteetan, baina, preso politikoen auzia «bigarren edo hirugarren» mailako gai bihurtu dela deitoratu dute: «Bakearen aroan gauden aitzakian, gatazka politiko oro ezkutatu eta iraganeko gertakarietara mugatu nahi dute. Preso politikoena alfonbra azpian ezkutatu beharreko errealitate deserosoa bilakatu da».
Alabaina, Euskal Herrian gatazka politikoak bizirik jarraitzen duela azpimarratu dute: «Euskal Herriaren askapenaren alde aritzeagatik» Espainiako eta Frantziako espetxeetan dauden presoak, militantzia politikoaren ondorioz «jazarpena eta espetxe zigorren mehatxua» pairatzen dutenak, eta etxegabetzeen aurka edota Palestinako herriaren alde mobilizatzeagatik atxilotuak izateko arriskuan daudenak aipatu dituzte. «Helburua argia da: militantzia politikoa jazarpenaren bitartez deuseztatzea».
Aske mugimenduaren ustez, areagotzen ari dira «errepresioa» salatzen dutenen eta horiei elkartasuna agertzen dietenen aurkako debekuak, isunak eta kriminalizazio saioak. «Elkartasuna da errotik moztu nahi dutena, modu horretan militantzia politikoa desagertuko den itxaropenarekin». Horregatik, amnistiaren alde mobilizatzera deitu du Askek: «Amnistiak, euskal preso politikoen askatasunaz gain, Euskal Herriko langileriak pairatzen duen jazarpena gainditzea dakar, independentzia eta sozialismoa lortzeko halabeharrezko baldintza».