Madrilen eskaini zuten ikuskizunean Gora ALKA-ETA zioen kartel bat erakusteagatik, bi txotxongilolari atxilotu eta espetxeratu zituzten ostiralean. Raul Garcia Perez eta Alfonso Lazaro dira, eta helegitea aurkeztu dute espetxeratzeko erabakiari. Txotxongilolarien Nazioarteko Batasunak hedabideen gehiegizko arreta salatu du, eta aske uzteko eskatu du. Gehienez ikuskizuna programatzerakoan akats bat egon litekeela azpimarratu du.
Ikuskizunean "terrorismoa goratu" zutelakoan espetxeratu zituen Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak, baina Garcia Perezek eta Lazarok ukatu egin dute hori egin izana: "Ez da zinemaren, telebistaren edo literaturaren historian indarkeria gehien duen fikziozko obra". Bien abokatuek gogorarazi dute beste batzuetan ez dutela erabaki lanen egileak auzipetzea.
Azpimarratu dute klasiko askotan ageri direla indarkeria uneak, eta William Shakespeare eta Fiodor Dostoievski aipatu dituzte horien artean. Ostiraleko lana "inauterietarako eginiko umore satira" bat izan zela azaldu dute, eta kexu agertu dira espetxeratzearekin: "Paradoxikoki, Federico Garcia Lorca omentzen duen demokrazia berak, 'Je suis Charlie Hebdo' oihukatzen zuenak, bere lege makineria martxan jartzen du umore satira baten egileak espetxeratzeko".