Santiago Cervera (Iruñea, 1965) Nafarroako PPko diputatu ohia 2012ko abenduaren 9an atxilotu zuen Guardia Zibilak Iruñeko harresietan. Kolpean, ustezko xantaia kasu baten erdian ikusi zuen bere burua. Forudun izaerari uko eginda, dimisia aurkeztu zuen eta defentsara zuzendu zuen indar guztia. Nafarroako Kutxako presidente ohi Jose Antonio Asiainek, xantaia egin izana egotzi zion, baina Cerverak tranpa bat jarri ziotela esan zuen hasieratik. Ahozko saioa ekainaren 1ean hasiko da. Hona elkarrizketaren aurrerapena:
- "Askori komeni zaie ustezko xantaia baten erruduntzat jotzea, beste gauza batzuei buruz hitz egin ez dadin".
- "Prozedura honek zuzenbide sistema galbideratzen du. Errugabea naizela frogatzera behartzen nau, eta alderantziz beharko luke".
- "Nafarroako Kutxaren espoliazio hori ez zen posible izango lurraldeko lehen egunkariak ikuspuntu kritiko bat izan balu. Gure autogobernuaren erreminta garrantzitsu bat galarazi digu".
- "Duela hiru urte pasa, PPren eta UPNren arteko koalizioaren aurka nengoen erabat. Barcinarentzat salbamendua zen hura, Nafarroan oso egoera zailari aurre egin behar baitzion politikoki".
- "Nafarroarentzat eredurik ez duen UPNren alternatiba izateko aukera bai, aukera hori galdu du PPk. UPNk ez du proiekturik; Nafarroari ekarpenik egiterik ez dauka jada".
- "Nafarroan espezialista gisa aurkezten zirenak bere historia garaikidean Nafarroak izandako gainbehera handieneko garaiaren erantzule nagusiak dira".